Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian umeek 18:00etatik aurrera jokatuko dute. 19:00etan hasiko da gazteen lehia, eta azkenik, 20:00ak aldera kantxaratuko dira nagusiak.
Amaieran, barikuro moduan Eusko Label produktuz osatutako otzara zozkatuko dute.
Gernika Jai Alai Eskolak zortzigarren urtez antolatu du txapelketa, eta aurten zesta punta eskolako umeei ere jokatzeko aukera eman diete, nahiz eta ez duten txapelketa lehiatuko.
Parte hartzaileek maiatzaren 6an ekin zioten lehiari, eta gaurkoa bosgarren jardunaldia izango da. Antolatzaileen berbetan, gaurko kinielaren emaitzak “erabakigarriak” izango dira txapeldunak nortzuk izango diren ikusteko.
Gazteen kategorian, Lezamiz eta Ibon elastiko gorriagaz lehiatuko dira, Eneko eta Iker elastiko urdinagaz ariko dira, Davidek eta Markiña-Xemeingo eskolako ordezkari batek elastiko zuriagaz jokatuko dute, Unda eta Gorka elastiko berdeagaz kantxaratuko dira, Aritzek eta Xabatek elastiko horia izango dute, eta Urko eta Markiña-Xemeingo eskolako beste ordezkari batek elastiko beltza izango dute soinean.
Izan ere, gazte mailan, aurten sei bikote ari dira lehian -iaz bost bikote izan ziren-. Gernika Jai Alai eskolako bost bikote, eta Markina-Xemeingo eskolako bikote bat, baina, markiñarrak txandaka jokatzen ari dira zestalari gehiagok jokatzeko aukera izan dezaten.
Bestalde, nagusien edota senior kategorian puntista hauek ariko dira nor baino nor gehiago: Martija (gorriz), Urtubi (gorriz), J. Barandika (urdinez), Jaiotz (urdinez), Roke (zuriz), Ubilla (zuriz), X. Urrutxua (berdez), Elkoro (berdez), Bidaburu (beltzez), Oar-Arteta (beltzez), A.Urrutxua (horiz) eta Xabat (horiz).
Maila ona
Gernika Jai Alai Eskolako kideek azaldu dutenez, zestalari berrien “maila ona eta ilusioa” agerian utzi ditu aurtengo edizioak. Halaber, gazteen kategoria bultzada handiz aurrera egiten ari dela nabarmendu dute.
Aurreko barikuan, Lekerika II eta Gerrero nagusitu ziren gazteen kategorian. Kepa eta Urrutxua III sailkatu ziren bigarren, 14 puntugaz, eta puntu bat gutxiago eskuratu zuten Arratibel I eta Libanok.
Kiniela polita jokatuta, Lekerika II, Urrutxua III eta Arratibel I erakutsitako joko onagatik nabarmendu ziren, eta sailkapen orokorra aldatuz. Momentuz, Lekerika II lehen posturako faborito mantentzen da, Gorka da sailkapeneko bigarrena, eta Urrutxua III da hirugarrena.
Bestalde, nagusietan Ubilla eta Lekerika II (Urrutxua I ordezkatu zuen) izan ziren garaileak. Lekerikak partida txalogarria jokatu zuen, 15 urterekin punta-puntako jokalarien mailan egon daitekeela erakutsiz.
Bidaburu eta Onaindia geratu ziren bigarren, 15 puntugaz, eta Roke eta Markel hirugarren postuan sailkatu ziren, 12 puntugaz. Gaur gaurkoz, Oar-Arteta da senior kategoriako sailkapen buru, Ubilla da bigarrena, eta Bidaburu hirugarrena.