'Ibilaldi peripatetikoa' egingo dute bihar, Mundakan
Herritar talde batek antolatuta, ibilaldi peripatetikoa egingo dute bihar, Mundakan. Parte hartu gura duenak 18:00etan egon beharko du Txorrokopuntako parke txikian. Handik abiatuta, astiro astiro herria zeharkatuko dute.
Mundaka ezagutu gura dute jai giroan, «herrian zeri buruz berba egin badagoelako, eta modu dibertigarrian eta parte hartzailean egin daitekeelako». Hori bai, bertaratzeko asmoa duten horiei «umore ona» eskatzen die, «ondo pasatzea» baitute helburu. Azalpenak emateko Zain Dezagun Urdaibaiko kideren bat bertaratuko dela azaldu dute, «pil-pilean dabiltzan zenbait gairi buruzko azalpenak emateko».
Beste alde batetik, Ahoztar Zelaietak ere parte hartuko du ibilbidean; «Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria liburuaren nondik norakoak azaltzeko aukera izango du, beste hainbat gauzaren artean».
Musika ere bidelagun izango dute; Bermeoko Gatom arduratuko da hip-hop doinua jartzeaz, Aitor Estebanez ibiliko da koplatan eta gitarra eta soinua ere ez dira faltako. Bakoitzak bere askaria eroateko gomendioa egin dute.