Bermeoko udalbatza osatzen duten alderdi guztiek
ez dute begi onez ikusten Bermeoko
ontziolak eskatu duen jarduera berria Artza kaian jartzea; izan ere, beira zuntza eta plastikoa erabili gura dituzte ontziak egiteko. Hala, ontziolaren jarduera berri hori
beste leku batera mugitzen saiatzeko konpromisoa hartu du udalak.
Bermeoko ontziola
Astillero toxiko ez herri plataformak aurkeztutako
mozioa aho batez onartu zuten azken osoko bilkuran. Udalarena da jarduera lizentzia emateko eskumena. Modu horretan, onartu duten mozioaren bitartez, jarduera hori beste leku batean kokatzeko ahalegin guztiak egitera konprometitzen da udala, «bere eskura daukazan baliabide guztiak erabilita».
Ildo honetan, Artza kaian kokatuta dagoen ontziola Bermeoko porturako beharrezko azpiegitura bat bada,
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote
Portuko Plan Berezia berrikus dezaten. Gainera, beharrizan ezberdinak aztertzeko,
parte hartze prozesua zabaltzea eskatzen diote, herritarren parte hartzerik zabalenagaz inguru horren etorkizuneko berrantolaketa zehazteko. Era berean, Jaurlaritzari eskatuko diote esleipen administratiboen inguruko informazioa argitzea.
Beste alde batetik,
jarduera lizentzia emateko prozesua
kautelaz geldiarazteko konpromisoa ere hartu dute, legeak ematen dituen aukera guztiak aztertuz.
Bermeoko Udaletik, baina, argi utzi gura izan dute jarduera horreri buruzko orain arteko
txosten guztiak «positiboak» direla. Jakinarazi dutenez, iaztik dabiltza Eusko Jaurlaritzari eskatzen Portuko Plan Bereziaren aldaketa aztertzeko. Alderdi guztiek hala adostu baitzuten iazko iraileko udalbatzarrean.
Herritarren kezkak argitzeko, gainera,
jaurlaritzagaz batzarra eduki zuten. Urtarrilean eskatu bazuten ere,
apirilaren 12an batu ziren, eta herritarrak eta Bermeoko Udaleko ordezkariak batu ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Diotenez, batzar horretan argi geratu zen, «jarduera berri hori saihesteko modu bakarra lekuz aldatzea dela, eta, horretarako, Portuko Plan Berezia aldatu beharra dagoela».
Prozesu horrek, baina, «denbora» behar du; «bitartean, legearen barruan jarduera berria geldiarazteko aukerarik dagoen aztertuko da».