Sei hilabetean 1.300 ikaslek landu dute 'bullying'-a, Jagon programaren bidez
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte sailburuak Sukarrietako zentroa bisitatu zuten atzo. Programaren berri izan zuten bultzatzaileen eskutikBullying-ari eta ziberbullying-ari aurre egiteko programa lantzeko aukera eskaintzen du Sukarrieta...
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte sailburuak Sukarrietako zentroa bisitatu zuten atzo. Programaren berri izan zuten bultzatzaileen eskutik
Bullying-ari eta ziberbullying-ari aurre egiteko programa lantzeko aukera eskaintzen du Sukarrietako BBK Zentroak, eta 1.300 ikaslek horretan parte hartu dute dagoeneko. Azaroan martxan jarri zutenetik, guztira, Bizkaiko 30 ikastetxe egon dira Sukarrietan, Jagon programa lantzen. Lau eguneko egonaldian, ikasleek eskola jazarpenaren larritasunaz kontzientzia har dezaten du helburu programak.Atzo arratsaldean programa horren berri izan zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak. Sukarrietako instalazioetara egindako bisitan, umeek garatzen dituzten jarduerak ikusi, eta Jagon programaren nondik-norakoak ezagutu zituzten, zentroko zuzendari Ainhoa Elortegiren eskutik.
Eskola jazarpena aurreikustea eta aurre egitea da programaren xedea, eta, horretarako, ikasleak kontzientziatzea eta informatzea ezinbestekoa dela esan zuen. «Kasuak antzematea eta erasotzaileen inpunitateagaz amaitzea» lortu gura dute, eta inpunitate horri aurre egiteko ikasleen sentsibilitatea esnatzea dute helburu.
Eskolan txikitatik landu
Isiltasunak inpunitatea elikatzen duela esan zuen Elortegik, eta mezu bera zabaldu zuen Kataluniako No al Acoso Escolar (NACE) elkarteko idazkari Carmen Cabestanyk ere. Irakaslea eta eskola jazarpenean aditua da Cabestany, eta Jagon programa garatzen lagundu du.
Sukarrietan egon zen atzo, eta eskaera zehatzak egin zizkien lehendakariari eta Hezkuntza sailburuari. Besteak beste, «isiltasunaren legeagaz» apurtu behar dela esan zien: «Arazoa esistitu egiten da, eta horri buruz hitz egin behar da».
Hezkuntza emozionala Haur Hezkuntzatik lantzearen garrantzia ere aipatu zuen, haurrek txikitatik beren emozioak kudeatzen ikasi dezaten. Era berean, unibertsitate ikasketetan eta irakasleen artean ere, gai hori jorratzearen beharra azpimarratu zuen, baita gurasoekin ere, arazoa identifikatzeko gai izan daitezen.
Bestalde, bullying kasurik antzemanez gero, protokoloa aplikatzea eta prozesu hori gardena izatea garrantzitsua dela aipatu zuen Cabestanyk.
Sarearen arriskuak
Ziberbullying-aren kasuan ere, ikasleekin gai hori jorratzea ezinbestekotzat jo zuten atzo programaren bultzatzaileek, arriskuak eta ondorioak identifikatzen ikas dezaten.
Lehendakariak, bere aldetik, Jagon bezalako prebentzio programak arazoei aurre egiteko premiazkoak direla esan zuen.