Merkatu solidarioa egin zuten Urretxindorra eskolako jaialdian
Aurten ere, maiatzeko azken larunbatean, Muxikako Urretxindorra eskolako jaia ospatu zuten. Eskolako umeek ekitaldia egin zuten Kurtzero auzoko frontoian, eta jaia egon zen egunean zehar. Bazkaria, azoka solidarioa, umeentzako puzgarriak eta magoaren ikuskizuna ere izan zuten.
Udalak, Global Humanitaria gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko merkatu solidarioa antolatu zuen. Bertan, jostailuak, liburuak, apaingarriak eta beste hainbeste gauza egon ziren salgai, umeentzat zein nagusientzat. Eskuragarri egon ziren bigarren eskuko artikulu guztiak, herritarrek eramandakoak izan ziren, helburu solidario batekin saltzeko. Batutako dirua, udalak besoetan hartuta duen mutikoaren beharretarako hileroko kuota ordaintzeko erabiliko da.
Antolatzaileen arabera, oso erantzun ona egon zen guraso, irakasle eta umeen aldetik. “Oso gustura gaude lortutako emaitzarekin”, adierazi zuten. Denek elkarrekin bazkaldu zuten frontoian, Kurtzeroko Bei Alai txokoak prestatutako menua. “Giro alaia eta umoretsua izan zen nagusi, bai bazkaltzeko orduan, zein egun guztian zehar”, adierazi zuten antolatzaileek.