Bermeoko EH Bildu udal taldeak Bermeoko
udaletxea berreraikitzeko Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari finantzaketa eskatzeko mozioa aurkeztuko du gaur arratsaldean egingo den osoko bilkuran.
Bermeoko udaletxea
Mozio horretan, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diote, Bizkaiko beste herri batzuei udaletxeak konpontzeko emandako diru laguntzak Bermeoko Udalari ere ematea:
“Bermeokoari, zergatik ez?”, galdetzen dute.
Bermeoko EH Bildutik jakiranazi dutenez, mozio horretan, alde batetik, Bermeoko Udalak aldundiari eskatzen dio hartutako
konpromisoa bete dezan. Modu horretan, “udaletxea berreskuratzeko finantzaketa ematea” eskatzen diote. Bermeoko udaletxea
babes berezia duen kultura ondare modura katalogatuta dagoen eraikina izanik, udalak aldundiari laguntza eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari ere eskatzen dio eraikina berreskuratzeko laguntza.
Era berean, mozioan Bermeoko Udalari proposatzen diote “eskaera horiek egiteko,
herri mailako kanpaina bat abiaraztea;
herritarren inplikazioa bilatzeko“.
Azaldu dutenez, “ezinbestekoa” da udaletxea berreraikitzea, eta horretarako, gainerako erakundeen laguntza “beharrezkoa” dela uste du Bermeoko EH Bilduk.
“Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz egindako batzar ezberdinetan, aldundiak udaletxearen berreraikitzea posible egiteko bide ezberdinak aztertzeko konpromisoa agertu izan du”, diote koaliziotik. Hala ere, apirilaren 27an Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxearen hitzak entzun ostean, “jaso ahal genuen albiste txarrena jaso genuen”, azaldu dute.
2017ra arte “gutxienez”, ez dela Bermeoko udaletxea berreraikitzeko laguntzarik egongo esan zuen Bengoetxeak: “
2016an ez dago horretarako partidarik, eta 2017an euren egoitzetan arazoak dituzten udaletarako laguntzak baldin badaude, Bermeora bideratzen den ala ez ikusi beharko da”, esan zuen apirilaren 27an, Batzar Nagusietan.
2013an sutea gertatu ondoren, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusi ohiaren hitzak ekartzen dituzte gogora koalizioko kideek mozioan: “
Hitza, giltza eta udaletxe berria izan ziren haren berbak, eta udaletxea berreraikitzeko konpromisoa hartu zuen”.
“
Alde Zaharra biziberritzeko eta sutearekin nahiko sufritu duen Nardiz tar Jon kalearen irudia hobetzeko eta indartzeko ezinbestekoa da udaletxea berreraikitzea”, diote EH Bildutik. Bestalde,
“segurtasuna” ere aipatzen dute mozioan: “Udaletxeko eraikina ixtea, teilatua eta hormak jartzea beharrezkoa da”.
Mozioan gogora dakarte ere, 2015ean egin zutela udaletxea berreraikitzeko proiektuaren lehenengo faseko lanak. Lan horiek, aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi gabeko gastuen ataletik emandako diruarekin finantzatu zituzten, hain zuzen ere. Zehazten dutenez, “aldundiak horietarako emandako diru laguntza 59.497,86 eurokoa izan zen, nahiz eta 146.771,12 euroko laguntza ematea onartu zuten”. Udaletxea birgaitzeko
proiektu guztiaren kostua 1,2 milioi eurokoa dela azaltzen dute mozioan, eta
bigarren faseko lanak egiteko
milioi bat euro inguruko kostua beharrezkoa litzatekeela diote.