Tuñez Sanchez autobusak gidatzen ikusi izan dute Busturialdeko heritarrek Maria Antonia Sanchez, Mari. Gaztetan hartu zuen autobusak gidatzeko ardura, eta, dagoeneko erretiratuta dagoen arren, garai haiek zoriontasunarekin gogoratzen ditu. Autobusak gidatzen lehen emakumea izan zen Bermeon, Busturialdean, eta inguruetan ere.
Mari Sanchez 70-80ko hamarkadan, autobusa gidatzen
28 urterekin –1976. urtean– atera zuen gida baimena; taxiak gidatzeko lehenengo, eta kamioarena gero. «Autobusak gidatzeko derrigorrezkoa zen kamioiak gidatzen esperientzia izatea», azaldu du Marik. «Nire gizona zenak taxia zuen, eta harekin lanean hasi nintzen lehenengo. Senar ohiaren ilusioa zen autobus bat gidatzea, eta Afrikara joan zen. Ni taxiarekin geratu nintzen Bermeon, eta ez zitzaidan lanik falta», dio.
Senar ohia bueltatzean autobus bat erosteko sarrera eman zuten. «Ostean, bi autobus zituen enpresa bat eroksi genuen. Bilbon zegoen enpresa, eta Bermeora ekarri genuen», gogoratu du.
Hala sortu zuten gaur egun Tuñez Sanchez autobus konpainia dena.
Emakumeen erreferente
Enpresa sortu zutenetik autobusekin bidaiak egiten ibili da Mari: «Portugal era Belgikaraino ere ailegatu naiz autobus batekin». Lankideek ere ondo hartu zutela dio, eta horregatik eskertuta dago. «Horietako batek behin esan zidan nagusiaren emaztea barik lankide bat nintzela beretzat, eta hori bihotzeraino heldu zitzaidan», dio. Bidaiariek hasiera batean «arraro xamar» begiratzen ziotela gogoan du. «Hala ere, bidaia egin ostean zoriondu egiten zidaten».
Emakume askorentzat erreferentea izan da Mari Sanchez; hori dela eta, ardura handia izan duela aitortu du autobus gidari izandakoak. «Nire lana ondo egin behar nuen, ezin nuen hutsik egin. Nire hutsak ondoren etor zitezkeen emakumeengan ere eragina izan zezaketelako», dio.
Mari Sanchezen atzetik izan dira emakumezkoak autobusak gidatzen, bere alaba, kasurako. Gaur egun bere badira, eta horietako bat da bere erraina, familiako enpresan ari dena.
Atzera begira, iraganarekin harro dago Mari Sanchez, eta pozik da: «Ez nuke esango autobusak gidatzea gizonezkoen lana denik».