Gernika-Sukarrieta tarteko saneamendu obrak ere aurten esleitu nahi dituzte
Eusko Jaurlaritzako sailburu Ana Oregi Sukarrietan egon zen atzo goizean; hain zuzen ere, saneamendu lanen baitan Marisma parkean egiten ari diren lanak bisitatu zituenEusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregi Sukarrietan...
Eusko Jaurlaritzako sailburu Ana Oregi Sukarrietan egon zen atzo goizean; hain zuzen ere, saneamendu lanen baitan Marisma parkean egiten ari diren lanak bisitatu zituen
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregi Sukarrietan egon zen atzo goizean. Uraren Euskal Agentzia (URA) Urdaibaiko saneamendu lanen baitan, Sukarrietan egiten ari den lanak bisitatu ditu. Izan ere, martxoan hasi zituzten Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren lehenengo ataleko lanak. Hala ere, lan horiek ez dira nahikoak izango saneamendu sarea amaitzeko. Oregik azaldutakoaren arabera, urtea amaitu orduko, Gernika-Lumo eta Sukarrieta batzeko lanak adjudikatu gura ditu Eusko Jaurlaritzak.Marisma parkean egiten ari diren instalazio berriak Sukarrietako ur zikinak eta euri urak jasoko ditu, eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA) bideratuko ditu, bertan eraikiko duten ponpaketa gunearen bitartez. Sukarrietako lanak Urdaibaiko saneamendu sareko ardatz nagusia dira. Lan horiek egiteko 12.496.093 euroko inbertsioa egin dutela azaldu du sailburuak, eta 24 hilabetean amaituta egotea aurreikusten dute.
Oregik gogorarazi duenez, «URAk 5 urtetan 49.070.000 euro inbertituko ditu, horri gehitu behar zaio 2003az geroztik, Jaurlaritzak jada ordaindutako 35.000.000 euroak». Inbertsio «nabarmen» horrek, baina, «biodibertsitatearen alde» egingo duela esan du, bai eta «gure paisaiaren, ingurune naturalaren, uren eta bertan egiten dugun erabileraren alde ere».
«Urdaibaiko Biosfera Erreserbako herrietako hondakin uren kudeaketa hobetzeak, itsasadarreko egoera ekologikoa hobetzea ekarriko du», esan zuen sailburuak.
Besteren artean, Sukarrietako alkate Erruki Goirienagaz batera bisitatu zituen lanak Oregik. Goirienak azaldu modura, «saneamendu lanak Marismako parke barik utziko ditu herritarrak bi urtez, hala ere, ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ahaleginduko gara». Lanak amaitzerakoan, baina, lehenengo onuradunak Sukarrietako bizilagunak izango direla gogorarazi nahi izan du alkateak: «Etorkizunean parke berritua eta saneamendu sare eraginkorra izateaz gain, Toñako hondartzako ur osasuntsuan bainu libreaz gozatzeko aukera izango dugulako».
Fase horretako lanak hasteko, Marisma Parkearen zati handi bat hesitu behar izan dute, eta gunean zeuden ezki bat eta zenbait bananondo kendu behar izan dituzte. Lanak amaitzerakoan, berriak landatuko dituztela azaldu dute, horiek ordezkatzeko.
Proiektu zabalagoa
Sukarrietan egiten ari diren lanak, baina, proiektu zabalago baten atal bat dira. Izan ere, Gernika-Lumo eta Sukarrieta arteko kolektore-tartea egitea beharrezkoa da, bai eta Muxika eta Gernika artekoa ere. Gernika eta Sukarrieta batuko dituen lanak urtea amaitu baino arinago adjudikatu nahi dituztela esan zuen atzo Sukarrietan Oregik.
Fase guztiak amaitzerakoan, Mundakako itsasadarrera isuri ohi izan diren ur zikinak bildu eta Lamiarango HUAra bideratzea posible izango da; bai ezker ertzeko herrietako urak (Gernika-Lumo, Forua, Murueta, Muxika), bai eta eskuin ertzekoak ere (Ajangiz, Gautegiz Arteaga, Kortezubi).
Proiektu hori URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako lan hitzarmenaren baitan kokatzen da; horren bitartez, saneamendu sarea eraikitzea eta ur zikinak Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dute.