Denis Itxaso Turismo diputatuak hiribildu historikoa ezagutu du
Maite Cruzado aldundiko Turismo zuzendariarekin batera, eskualdeko turismo proiektu nagusiak bisitatzen egon da Itxaso. Debegesa garapen agentziak gonbidatuta etorri diraDebegesa garapen agentziak gonbidatuta, Debabarrena eskualdea bisitatu zuten atzo,...
Maite Cruzado aldundiko Turismo zuzendariarekin batera, eskualdeko turismo proiektu nagusiak bisitatzen egon da Itxaso. Debegesa garapen agentziak gonbidatuta etorri dira
Debegesa garapen agentziak gonbidatuta, Debabarrena eskualdea bisitatu zuten atzo, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Maite Cruzado aldundiko Turismo zuzendariak. Zehatz esanda, Mutriku eta Deba bisitatu zituzten. Eurekin batera izan ziren Debabarreneko turismo proiektu nagusiak ezagutzen Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari orokorra, Cristina Iturriagagoitia garapen agentziako Turismo arduraduna, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea eta Pedro Bengoetxea Debako alkatea.Itxasok bisitan nabarmendu zuenez, Debabarrena eskualdeko herriak Gipuzkoako lurraldeak bizi duen hazkunde turistikoaren estrategiaren erdigunean kokatu dira. «Donostiako turismo bulego berrian gure lurraldeko herriek eskaintzen dituzten erakargarritasunak erakutsi behar ditugu, turistentzako deskubrimendu bat izango delako bertako paisaia, hondartza eta gastronomia ezagutzea».
Bisita Deban hasi zuten, eta bertan, Euskal Kostaldeko Geoparkearen proiektuan jarri zuten arreta nagusia. Ondoren, Debako pantalanean ontziratu eta flyscheko itsaslabarrak ikuskatu zituzten itsasotik. «Gipuzkoa altxorrez betea dago, Geoparkea adibidez, benetan ikusgarria da. Deba eta Mutriku bezalako kostaldeko herri xarmangarriak gordetzen ditu Geoparkeak, bisitatzea merezi duten lekuak. Turismoa lurraldearen suspertze ekonomikorako funtsezko sektorea bihurtu da».
Turismo mahaia
Mutrikun, berriz, baliabide turistiko garrantzitsuenak ezagutzeko aukera izan zuen diputatuak eta berarekin batera etorri zen aldundiko Turismo zuzendariak.
Nautilus Interpretazio Zentroan hasi zuten bisita, eta portuan amaitu zuten, Bentalekua museoan, baina tartean, hirigune historikoa osatzen duten monumentu multzoa bertatik bertara ikusi eta haren inguruko nondik norakoak ere ezagutzeko aukera izan zuten Marta Amonarriz Mutrikuko turismo bulegoko arduradunaren eskutik.
Bestalde, Turismo diputatuak azpimarratu zuenez, turismoarekin lotura duten sektoreek eta erakundeek osatutako Turismo Mahaia osatu dute. Turismo Mahaiak, hain zuzen ere, sektore eta eskualde guztiei onura ekarriko die, eta turismoaren garapen orekatu baten alde lan egingo du. Mahai horretan parte hartzen dute, beste batzuen artean, Geoparapen elkarteak eta Geoparkearen kudeaketarako elkarteak ere.