Bizkaiko txirrindulari talde denekin batera, Arabako bi taldek eta Burgoseko talde batek eman dute izena momentuz. Busturialdeko Txirrindulari taldeko kideek adierazi dutenez, 100 txirrindulari inguru espero dituzte: “Kopuru zehatza oraindik ez dakigu, taldeek gaur eta bihar ere izena emateko aukera dute”.
Izan ere, orain arte Bizkaiko taldeek bakarrik parte hartu ahal izan dute, baina, aurten kanpoko taldeek ere lasterketa lehiatzeko aukera dute, nahiz eta Bizkaiko txapelketa bertoko taldeek baino ez duten lehiatuko.
Busturiko Altamira auzoan hasi eta amaituko dute proba. 10:30ean hasiko da lehia, eta bi ordu inguruan amaituko dutela aurreikusten dute antolatzaileek. “Normalean 38-39 kilometro orduko abiaduran aritzen dira”.
83 kilometroko lasterketa izango da, eta txirrindulariek honako ibilbidetik bi buelta emango dituzte: Busturia, Gernika-Lumo, Gautegiz-Arteaga, Muruetagana, Ibarrangelu, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo eta Busturia.
Sariak
Sari banaketa eguerdian egingo dute. Batetik Busturiko lasterketaren sariak egongo dira, eta bestetik, Bizkaiko txapelketakoak. Bietan lehenengo hirurek jasoko dituzte sariak. Beraz, lehenengo hirurak bizkaitarrak balira sari bikoitza eskuratuko lukete.