2.B mailara igotzeko lehen kanporaketaren bueltako partida lehiatuko dute Itxas Gane futbol zelaian, eta zelaia zale bermeotarrez bete nahi du klubak taldeari ahalik eta babes handiena emateko. 18:30ean hasiko da Bermeo eta El Ejido taldeen arteko norgehiagoka.
Domekan, Bermeok 3-0 galdu zuen joaneko partida talde almeriarraren zelaian. Beraz, alde hori gainditu beharko dute bermeotarrek, hurrengo kanporaketa jokatu ahal izateko.
Hain zuzen ere, lehen kanporaketa hau gaindituz gero, astelehenean egingo den zozketan ezagutuko luke hurrengo kanporaketaren aurkaria zein den.
Sarrerak
Zapatuko hil ala biziko partida ikusteko sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko. Itxas Gane fubtol zelaian, Doniene, Andeko eta Gure tabernetan, eta Luma liburu dendan daude salgai.
Bazkideek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzeko zaleek 15 euro. Halaber, 16 urtetik beherakoentzat 2 eurotan jarri dituzte salgai.
Argazkia: Bermeo Futbol taldea.