Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango da.
10:00etan hasiko da lehia, baina, aurretik, 08:00etan hasi eta 09:30ak arte egiaztapenak egingo dituzte.
Bihar arratsaldean itxiko dute izen ematea, baina, Gernika Off Road-eko kideek esan dutenez, 100 bat moto gidarik parte hartuko dute.
Euskal Herriko pilotuen ordezkaritza zabala espero dute. Denen artean, hiru faborito nagusi daude: Markos Beraza nafarra, Borja Nieto bizkaitarra eta Jon Otamendi gipuzkoarra.
Halaber, bertoko moto gidariek ez dute hutsik egingo. Besteak beste, Iñigo Ugalde gernikarra, Mikel Intxausti arratzuarra, Gaizka Bereziartua muxikarra, Jokin Aldamiz-etxebarria lekeitiarra, eta Jon Abadia eta Julio Otazua munitibartarrak ariko dira lehian.
Bost kategoria
Bost kategoria izango dira. Junior eta Senior mailetan, Kopa eta Txapelketa kategoriak jokatuko dituzte, eta beste kategoria beteranoena izango da.
Gutxi gorabehera 15 kilometroko lasterketa izango da. Ibilbide txiki bati sei buelta emango dizkiete, eta kronometratua ere Arratzun bertan egongo da.
14:30ak ingururako amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek. Beraz, 14:30-15:00 bitartean egingo dute sari banaketa ekitaldia. Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurak sarituko dituzte.