Traineru denboraldia hasteko aste batzuk falta badira ere, arraunlariek lehiaketarako prest daudela erakutsi ahal izango dute zapatuan [maiatzak 28], Antiguako Ama V. Trainera estropadan. Lehia 12:00etan hasiko da Ondarroako uretan, eta bertan,
San Miguel ligako eta KAE1 eta KAE2 mailetako 23 ontzi batzea aurreikusten da. Horien artean izango dira Ondarroa, Isuntza, Mundaka eta Bermeo ere.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, estropada ordulariaren kontrako eran jokatuko da, eta traineruetako arraunlariek, hiru ziabogatara lau luze egin beharko dituzte; guztira, 3.500 metro inguru. Mailaren arabera, hiru txanda antolatuko dira: lehendabizi, KAE2 mailakoak uretaratuko dira (10 ontzi), gero, KAE1 mailakoak (7 ontzi), eta, azkenik, San Miguel ligakoak (6 ontzi).
Ondarroako Antiguako Ama estropada. Argazkia: Joseba Arrizabalaga / Ondarroa Arraun Elkartea
Ondarroako traineruen estropadaz gain,
Euskadiko trainerilla txapelketa jokatuko da Mutrikuko uretan, asteburuan. Zapatuan [maiatzak 28an], 16:30ean, kanporaketak jokatuko dira, eta domekan [maiatzak 29], 11:00etan, berriz, finalak.
Kanporaketei dagokienez, lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte arraunlariek, absolutu neskak, gazte eta senior mailetan, eta maila bakoitzean denborarik onena egiten duten lau trainerillen domekako finalean parte hartzeko aukera izango dute. Hurrengo lau sailkatuek, aldiz, kontsolamendu txandak jokatzeko aukera izango dute.
Emakumezko absolutu eta gizonezko gazte mailako lehen bi postuak lortzen dituztenek
Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, gizonezko absolutuetan lehen hiru postuak lortzen dituztenekin batera.