Hasi dituzte Lurgorri auzoko berdegunea atontzeko lanak
Baseliza eta eskolen inguruko lurrak atonduko dituzte, auzotarrentzako berdegune eta jolastokiekin. Santa Luziako eskolan ere hasi dituzte eraikina egokitzeko konponketakHasi dira hondeamakinak eta kamioiak Lurgorriko berdegunea egokitzeko lanetan. Obr...
Baseliza eta eskolen inguruko lurrak atonduko dituzte, auzotarrentzako berdegune eta jolastokiekin. Santa Luziako eskolan ere hasi dituzte eraikina egokitzeko konponketak
Hasi dira hondeamakinak eta kamioiak Lurgorriko berdegunea egokitzeko lanetan. Obra horiek 15.875 metro koadro egokituko dituzte, eskola eta ermitaren inguruko landak auzotarrentzat erabilgarriak bilakatuz.Iaz udalak aurkeztu zuen proiektu horretan 680.000 euro inbertituko dituztela azaldu zuen Jose Maria Gorroño alkateak. Bertan, jesarlekuak, umeentzako jolas gunea eta ur txorrotak botatzen dituen iturria jarriko dutela azaldu zuen. Proiektua horrek berdeguneak egokitzea eta inguruko hiri zerbitzuak hobetzea dauka helburu.
Bestalde, bertan dagoen eskola eta ermitaren ondoko eraikina zaharberritzeko lanak ere hasi dituzte, eraikinak erabilgarriak izan daitezen eta umeentzako gune bat atontzeko. Konponketa horiek egiteko, udalak 30.000 euroko partida zuzenduko zuela adierazi zuen. Hala ere, kexak egon dira; zenbait auzotarrek eta Gernika-Lumoko EH Bilduk bere desadostasuna aurkeztu zuten. Proiektuaren prestakuntzan herritarren parte hartzea kontuan hartu ez zela egotzi zuten talde biek. Auzokoen esanetan, tamaina horretako proiektu bat egiten denean auzokoekin batzartzea beharrezkoa da, beraiek direlako auzoaren beharrizanak hobetoen ezagutzen dituztenak. Horren harira, denen artean erabakitzeko eskatzen zuen idazkia kaleratu zuten, iazko azaroan. Koalizioak esan zuen proiektua «auzotarren beharrizan errealak zeintzuk diren galdetu barik» egin dela.