Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregi Sukarrietan egon da gaur goizean. Uraren Euskal Agentzia (URA) Urdaibaiko saneamendu lanen baitan, Sukarrietan egiten ari den lanak bisitatu ditu. Izan ere, martxoan hasi zituzten Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren lehenengo ataleko lanak. Hala ere, lan horiek ez dira nahikoak izango saneamendu sarea amaitzeko. Oregik azaldutakoaren arabera, urtea amaitu orduko, Gernika-Lumo eta Sukarrieta batzeko lanak adjudikatu gura ditu Eusko Jaurlaritzak.
Oregi sailburua, Sukarrietako Marisma parkean
Marisma parkean egiten ari diren instalazio berriak Sukarrietako ur zikinak eta euri urak jasoko ditu, eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA) bideratuko ditu, bertan eraikiko duten ponpaketa gunearen bitartez. Sukarrietako lanak Urdaibaiko saneamendu sareko ardatz nagusia dira.
Oregik gogorarazi duenez, “URAk 5 urtetan 49.070.000 euro inbertituko ditu, horri gehitu behar zaio 2003az geroztik, Jaurlaritzak jada ordaindutako 35.000.000 euroak”. Inbertsio “nabarmen” horrek, baina, “biodibertsitatearen alde” egingo duela esan du, bai eta “gure paisaiaren, ingurune naturalaren, uren eta bertan egiten dugun erabileraren alde ere”.
Sukarrietako alkate Erruki Goirienak adierazi duenez, “saneamendu lanak Marismako parke barik utziko ditu herritarrak bi urtez, hala ere, “ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ahaleginduko gara”. Lanak amaitzerakoan, baina, lehenengo onuradunak Sukarrietako bizilagunak izango direla gogorarazi du alkateak: “Etorkizunean parke berritua eta saneamendu sare eraginkorra izateaz gain, Toñako hondartzako ur osasuntsuan bainu libreaz gozatzeko aukera izango dugulako”.
Proiektu zabalagoa
Sukarrietan egiten ari diren lanak, baina, proiektu zabalago baten atal bat dira. Izan ere, Gernika-Lumo eta Sukarrieta arteko lanak egitea beharrezkoa da, bai eta eta Muxika eta Gernika artekoa. Gernika eta Sukarrieta batuko dituen lanak urtea amaitu baino arinago adjudikatu nahi dituztela esan du gaur Oregik.
Fase guztiak amaitzerakoan, Mundakako itsasadarrera isuri ohi izan diren ur zikinak bildu eta Lamiarango HUAra bideratzea posible izango da; bai ezker ertzeko herrietako urak, bai eta eskuin ertzeko herrietakoak ere.
Proiektu hau URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako lan hitzarmenaren baitan kokatzen da; horren bitartez, saneamendu sarea eraikitzea eta ur zikinak Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dute.
EH Bilduko ordezkariak Oregi sailburuagaz
Uren kudeaketa publikoa eskatu du EH Bilduk
Busturialdeko EH Bilduk uren kudeaketa publikoa bermatzeko eskatu dio Jaurlaritzako Ingurumen sailburua den Ana Oregiri. Busturiko Madariaga dorretxean elkarretaratzea egin dute gaur; eta bertan izan dira, besteak beste, Mikel Kormenaza eta Alex Sardui batzarkideak.
Oregi sailburuaren bisita aprobetxatu eta gutun bat helarazi dio koalizioak. EH Bilduk azaldu duenez, Busturialdeko Ur Partzuergoaren kudeaketa publikoa izateko eskatu diote. Gutuna emateaz gain, Oregirekin hitz egiteko aukera ere izan dute, Madariaga dorretxean. Hala, Urdaibaiko saneamendua amaitzeko inbertsioari buruz duen kezka ere azaldu dio koalizioak Oregiri. Busturialdeko Ur Partzuergoak eta URAk hitzarmena sinatu zuten 2014. urtean; horren arabera, 49.070.000 euroko inbertsioa egingo du URAk bost urteren epean lanak amaitzeko. Hala ere, EH Bilduk zalantza agertu du inbertsioan atzerapena egon daitekeelako.
Horrez gain, Gernika-Lumoko araztegiaren egoeragaz ere kezkatuta dago koalizioa. Haren egoera «tamalgarria» dela salatu du, edozein momentutan apurtu daitekeela dio eta ingurumenari kalte handia eragin.
Hori dela eta, Oregiri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete Busturialdeko obrak eta hartutako konpromisoak lehenesteko.
Arauz besteko proposamen bati esker, saneamendua oinarrizko eskubide legez hartu zuten 2014. urtean, EH Bilduren eta PSEren botoei esker. Koalizioak gogora ekarri du Urdaibai dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biosfera erreserba bakarra, eta Busturialdea saneamendurik txarrena duen eskualdea.