Lehenengoz egingo dute Bermeon, bertso topaketa.
Kafe Antzokian jarri dute hitzordua,
17:30ean. Hain zuzen ere, Bermeoko ikastetxeetako
161 bertsolaritza ikaslek parte hartuko dute.
Ikasleak bertsolaritza lantzen
Aipatu bertso topaketa
Gu ere bertsotan proiektuan parte hartzen ari diren Eleizalde ikastolako, San Frantzisko Herri ikastetxeko eta Sagrado Corazon kastetxeko ikasleen amaierako jaialdia izango da.
Hala, biharko bertso topaketan ikasleek ikasturtean zehar ikasgelan landutakoa erakusteko aukera izango dutela azaldu du Gazteria Saileko zinegotzi Juan Karlos Agirrek. Izan ere, ikuskizun “polit” batean, bertso saioa eta kantaldia eskainiko dute, karaoke estiloa erabilita eta gitarragaz lagunduta.
Jakinarazi dutenez, bertso topaketaren gidoiak hiru osagai nagusi izango ditu: “bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzena eta bertso saioa eta kantaldia, non ikasleek musikari baten laguntzagaz abestuko duten”.
Ander Elortegi eta Eneko Arrate bertsolaritzako irakasleak aurkeztutako saioa izango da, eta Asier Galarza eta Koldo Gezuraga bertsolariek eta Lorea Zulaika musikariak parte hartuko dute. Agirrek nabarmendu duenez, “giro polita izango dugu gure herriko ikasleek eskainiko duten bertso topaketan”.
Gu ere bertsotan egitasmoa
Hirugarren urtez jarraian burutu da 2015/16 ikasturtean Gu ere Bertsotan egitasmoa. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako egitasmoa da, eta Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik bosgarren eta seigarren mailetako 161 ikaslek bertsolaritza landu dute ikasgeletan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, gainera, bat bateko talde bat egon da martxan, Eleizalde ikastolan.
Ahozkotasunetik abiatuta, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek
Gu ere Bertsotan egitasmoaren bitartez. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jaso dute ikasleek. Besteren artean, urtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatu, eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu behar duten landu dituzte klaseetan.