Zierbenak eta Kaikuk lortu dute Bizkaiko trainerillen bandera
Bizkaiko trainerillen bandera Zierbenako eta Kaikuko arraunlariek lortu dute; hurrenez hurren, nagusien eta gazteen mailan. Txapelketa Ondarroako uretan lehiatu da asteburuan.Zapatu arratsaldean sailkapen fasea jokatu zen. Gazte mailan sei trainerillak...
Zapatu arratsaldean sailkapen fasea jokatu zen. Gazte mailan sei trainerillak parte hartu zuten, eta bost sailkatu ziren domekako finalerako. Estropadan parte hartu zuten ontzietatik Isuntza finalean parte hartzeko aukera barik geratu zen, eta Kaiku, Portugalete, Deustu, Zierbena eta Getxo, ostera, hurrengo jardunaldirako sailkatu ziren.
Nagusi mailan, aldiz, hamar trainerillak parte hartu zuten sailkapen fasean, eta finalerako Zierbena, Kaiku, Bermeo, Ondarroa eta Mundaka sailkatu ziren. Portugalete, Arkote, Isuntza, Deustu eta Getxo, ostera, finalerako aukerarik barik geratu ziren.
Oso parekatua
Finala, berriz, oso lehiatua izan zen kategoria bietan. Oso itsaso zakarra egon zen, eta horrek nahikoa zaildu zituen arraunlarien maniobrak. Gazte mailan, Kaiku eta Deustu parez pare ibili ziren lehen ziabogatik, eta, azkenean, Kaikuk lortu zuen bandera, 16:06,77 denboragaz. Sestao 01:54 segundora helmugaratu zen, eta Portugalete izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 49,30 segundora.
Nagusi mailan ere, lehen bi sailkatuak parez pare ibili ziren estropada osoan, eta azkenean, Zierbenak irabazi zuen lehia, 14:37,61 denboragaz; Kaiku 00,28 segundora ailegatu zen helmugara. Sailkapen nagusian hirugarrena Bermeoko ontzia izan zen, 14:49,54 denboragaz. Ondarroa eta Munkaka, bestalde, laugarrena eta bosgarrena izan ziren, hurrenez hurren.
Estropadak amaitu eta gero, sari banaketa egin zuten portuan bertan. Bandera banatzeaz gain, Bizkaiko trainerillen ligaxkako dominak ere banatu ziren. Ondarroako nagusiek bi sari jaso zituzten, nesketan eta mutiletan; eta gazte mailan, ostera, Portugaletek jaso zuen sari nagusia.