Hiru egun itsas kulturan barrena
Itsas munduaren lehena, oraina eta geroa erakutsi ditu aurten 22. Arrain Azokak, LOG gune berrian. Bertan egindako erakustaldien «arrakasta» nabarmendu dute antolatzaileekBeste urte batez, itsasoagaz lotutako kultura, historia, gastronomia, ekonomia ...
Itsas munduaren lehena, oraina eta geroa erakutsi ditu aurten 22. Arrain Azokak, LOG gune berrian. Bertan egindako erakustaldien «arrakasta» nabarmendu dute antolatzaileek
Beste urte batez, itsasoagaz lotutako kultura, historia, gastronomia, ekonomia eta nortasuna ezagutzeko aukera eskaini du Bermeoko Arrain Azokak. Era berean, azokak, aurten, itsas munduaren lehena, oraina eta etorkizuna erakutsi dituela azaldu dute, «giro paregabe batean».Hori guztia LOG gune berrian egin dute. Bermeoko Udal ordezkariek azaldu dutenez, «arrakastatsua» izan da aipatu gune berri hori, bai eta horren baitan egindako ekitaldi guztiak ere. Hala ere, Itsasoko Delicatessen show cooking-ak eta sashimi kalitatezko hegaluzearen aurkezpenak izandako harrera nabarmendu dituzte.
22. Arrain Azokaren balorazioa «positiboa» dela diote, behin-behineko datuen arabera.
Elkartasun pintxoak
Arrain Azoka bisitatu dutenek zer jan eta edan ere izan dute. Izan ere, aurten, lehenengoz, jatetxe karpa bat jarri dute, eta «jende asko erakarri duela» azaldu dute antolatzaileek. Horren baitan, hegaluze eta mendrexka errea prestatzen ibili dira asteburu osoan, hainbat elkartetako 50 boluntario inguru. Elkartasun pintxoetatik lortutako dirua garapenean arazoak dituzten 6 eta 12 urte bitarteko umeen estimulazioa bermatzeko proiektura bideratuko dute.
Asteburuak, baina, askotarako eman du; izan ere, adin eta gustu guztietarako jarduerak egon dira aukeran. Umeek, esaterako, sukaldaritza tailer ugaritan parte hartu ahal izan dute, MB 2000 elkartearen eskutik.
Ohi legez, barikuan egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta Bermeoko alkateaz gain, zinegotziak, enpresa eta erakundeetako ordezkariak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Bittor Oroz Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea egon ziren, beste hainbesteren artean. Arrain Azoka «erreferentea» dela gogorarazi zuen alkateak: «Arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenetarikoa da. Horretarako, ezinbestekoa da erakundeak eta enpresak denon artean lanean jarraitzea».
Aurretik, baina, Hegaluze Saria emateko ekitaldia egin zuten. Alberto Aurrekoetxea Frai Albertok «pozik» jaso zuen saria, eta egindako lanaren gainbegiratze bat egiteko aukera izan zuen, «lan handia» egin duela nabarmenduta. Ekitaldi berean Arrain Azoka iragartzen duen kartelaren egileari eman zioten saria, Alaia Rodriguez gernikarrari, hain zuzen.
Era berean, apirilean zendu zen Joseba Kerejeta urpekaria ere gogoan eduki zuten; bideo hunkigarri bat jarri zuten haren omenez. Hainbat izan ziren bertaratutako lagunak, eta oroigarri bat jaso zuten.
Zapatuan, Eleizalde Ikastolak antolatzen duen pintxo lehiaketako sari banaketa egin zen. Bermeoko Kasinoaren pintxoak hartu du sari nagusia. Akelarrek eta Kafe Loidxek hartu dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Herritarrek ere beraientzako pintxorik gozoena izan dena aukeratu ahal izan dute. Botoa eman dutenen artean zozketa egin dute, eta Eva Muñoz Cortijok irabazi du kontserberek emandako produktuekin osatutako otzara.