Ondarroako 2015eko kirol sariak gaur banatuko dituzte, Etxelilan
Ondarroako Udaleko Kirol Batzordeak antolatutako kirolaren bosgarren gala gaur egingo da, Etxelilan. Bertan, 2015. urteko kirol sariak banatuko dituzte, 20:15ean hasiko den ekitaldian. Denetara lau sari banatuko dituzte: urteko kirolari emakumezkoa, ur...
Koaxi Triatloi Taldeko Arantza Burgoa triatleta izendatu dute 2015 urteko kirolaria emakumezkoetan. Ondarroako taldean ari den kirolariak marka bikainak lortu ditu azken urteotan; iaz, esaterako, beterano 2 kategoriako sari nagusia jaso zuen Euskal Herriko triatloi zirkuituan. Horrez gain, Bizkaiko zirkuituko sari nagusia ere jaso zuen, kategoria absolutuan.
Gizonezkoetan, ordea, urteko kirolaria saria Alain Kolunga arraunlariak jasoko du. Azken urteotan indartsu ibili da ondarrutarra, eta hainbat sari lortu ditu Bermeoko Urdaibai Arraun Taldeagaz. Iaz, esaterako, Kontxako bandera lortu zuten.
Ahalegin berezia
Urteko kirol taldearen saria Aurrera Mendi Taldeko eskalada taldeak jasoko du. Eskalada herrian zabaltzeko ahalegin berezia egiten ari da taldea, eta era berean, eskalatzaile ondarrutarrek emaitza onak lortu dituzte azken urteotan, bai Euskal Herri mailan bai eta Espainian ere. Iñaki Arantzamendik, esaterako, hirugarren amaitu du Espainiko Eskalada Kopa.
Azkenik, aipamen berezia Jose Mari Naberan Ondarroako Atletismo taldearen bultzatzailearentzat izango da.