Etzi Eskolarteko II. BTT lasterketa lehiatuko dute, Gizaburuagan
Proba udaletxe atzeko zelai inguruetan egingo da, 11:00etatik aurrera. Iaz baino parte hartzaile gehiago batzeko itxaropena dute. 7-14 urte bitartekoek parte hartuko duteGizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Eskolarte...
Proba udaletxe atzeko zelai inguruetan egingo da, 11:00etatik aurrera. Iaz baino parte hartzaile gehiago batzeko itxaropena dute. 7-14 urte bitartekoek parte hartuko dute
Gizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Eskolarteko II. BTT lasterketa egingo da Gizaburuagan, etzi. Proba udaletxeko atzeko zelai inguruetan egingo da, 11:00etatik aurrera. Iaz 160 bat parte hartzaile izan ziren, eta aurten askoz gehiago batzea aurreikusten dute antolatzaileek, eguraldi ederragaz.Partaidetzari dagokionez, 7 urtetik 14 urte bitarteko eskola umeek parte hartuko dute lasterketan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Bizkaian federatutakoek edota txirrindulari talde bateko kide direnek parte hartu ahal izango dute bakarrik. Ibilbideari dagokionez, udaletxearen atzeko zelaian zirkuitu antzerako bat sortu dute, eta hari bueltaka ariko dira parte hartzaileak.
Adinaren arabera ibilbidea luzatzen joango da, eta zailtasuna ere handiagoa izango dela jakitera eman dute. «Proba egiten lehenak gazteenak izango dira, eta azkenak, zaharrenak. Gazteenek, esate baterako, zelaian zehar prestatu dugun zirkuitua bete beharko dute, baina nagusienek, zelaian zehar ibiltzeaz gain, bidegorrian zehar ere ibili beharko dute. Zelai ondoan dagoen zubia igaro eta bidegorrian prestatu diegun zirkuitua bete beharko dute zelaiara beste zubi batetik bueltatu aurretik», azaldu du Juan Migel Arostegi Gizaburuagako alkate eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteko kideak.
Bestalde, eguraldiaren eta ibilbidearen egoeraren arabera, zirkuituaren luzera moztu ere egin daitekeela adierazi dute. «Iaz oso txarra egin zuen, eta basa asko egon zen. Hori dela eta, ibilbidea zer edo zer moztu egin behar izan genuen, baina aurten ez dugu uste horrelakorik gertatuko denik. Ona dago iragarrita, behintzat».
Kirola egin eta parte hartzailetasuna bultzatu nahi dute jai giroan proban; hori dela eta, denek izango dituzte sariak. «Helmugan lehen postuan sartzen denak edo azkenak sari bera izango du. Ez da inorentzako sari berezirik egongo».