Eatik ekialdera antxoa harrapatzea debekatu dute, behin-behinean
Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan antxoa txikia dagoela eta, Eatik hasi eta Hondarribia bitartera antxoa ez harrapatzea adostu dute bertoko kofradiek. Neurria martitzenean gauean sartu zen indarrean, eta hurrengo egunotan debekua kendu edo ez aztertuko du...
Neurri berri horregaz gain, baxurako ontzi bakoitzak eguneko harrapatu ahal izango duen antxoa kopurua ere murriztu egin dute, behin-behinean. Orain, gehienez, 4.000 kilo harrapatu ahal izango dituzte (azken murrizketaren ondoren, 6.000 kilo arrantzatu ahal ziren).
Antxoa gutxi
Asteko antxoa harrapaketari dagokionez, nahikoa ale gutxi porturatu dute Ondarroan; kopururik gehien martitzenean lehorreratu zuten, 185.000 kilo guztira. Tamaina aldetik, gainera, oso arrain txikia izan zen; kiloan, 50-55 ale ingurukoa.
Lehen bentetan nahikoa arrain gutxi egon zenez, arraina garesti saldu zen, 3 euro inguruan, baina orduak aurrera joan ahala, prezioak erabat amildu ziren. Azken bentetan, esaterako, 40 zentimo inguruan saldu zen antxoa kiloa. Eguaztenean, ostera, gutxi samar: 36.000 kilo. Kopuru aldetik arrain gutxi egon zenez, zer edo zer garestiago saldu zen; bataz beste, 1,41 euroan kiloa.
Atzo, ostera, ez zen antxoarik saldu bentan. Gauerako eguraldi txarra egon zen iragarrita, eta lau bat ontzi itsaroratu ziren bakarrik. Hurbileko arraina harrapatu zuten: txitxarroak, buzten baltzak, muxarrak…, baina kopuru aldetik ez zuten askorik harrapatu.