«Espainiak bake prozesuan eragin dezake preso politikoak baliatuz»
11/2013 sumarioan auzipetu dituzte Kepa Mantzizidor (Mundaka, 1966) abokatua eta Ibon Meñika (Zamudio, 1977) Herrirako kidea. Auzi politikoaz gain, ekonomikoa ere etor daitekeela dio Mantzizidorrek.
47 lagunen artean inputatu zaituztete, presoen alde lan egiteagatik eta abokatu legez ere presoen defentsa egiteagatik. Zelako irakuketa egin dakioke auzi honi? Kepa Mantzizidor: Nabarmendu nahiko nuke, tramite hutsa izan arren, zelan erabili duten, mendekurako. Tramitea dela jakinda, bideokonferentzia bidez egiteko eskatu genuen, baina epaileak esan zuen tramite oso garrantzitsua zelako inputatuentzat; beraz, Madrilera joan behar izan genuen. Hala ere, epailea bera ez zen azaldu, eta bi minutuko kontua izan zen. Bestalde, aipatuko nuke Arantza Zuluetaren egoera. 47en artean preso duten bakarra da, eta inolako arrazoi juridikorik ez duen egoera pairatzen ari da. Bideokonferentziaz deklarazteko aukera ez zion onartu epaileak eta kunda –bidaia– oso gogorra izan zuen: Puertoko kartzelan dute preso, handik Sevillara eraman zuten, Malagara jeitsi, gero Granadara, Soto del Realera eta azkenean Extremerako kartzelara. Bidaia oso gogorra bi minutuko tramite hutsa betetzeko. Zeintzuk dira zuen kontrako inputazioak? K.M.:ETAko kide izatea edo laguntza ematea. Atxilotu gintuztenean aipatu zituzten bestelako delituak aparteko auzi batean ikusten ditu epaileak; delitu ekonomikoak eta, batez ere, Herrirako auzipetuei leporatzen dizkieten delituak. Beste pieza batean jasoko dituzte. Ibon Meñika: Madrilen, instantzia denetan, badirudi ez dutela ulertu nahi Euskal Herrian azken urteetan egoera aldatu izan dela. Beraingandik jasotzen duguna betikoa da, errepresioa eta kriminalizazioa. Adierazgarriak dira azken urteetan presoen alde lan publikoa egin dugunen kontrako operazioak. Gure kontra lehenengo (2013), eta, gerora, Kepa [Mantzizidor] eta beste hainbaten kontrako sarekadak. Presoenganako elkartasuna eten nahi dute. Gaur egun, 2016. urtean, 385 preso izatea anakronikoa da, obsoletoa, ez deko zentzurik. Gatazkaren konponbiderako borondate politiko eta soziala egon badagoen une honetan presoen kaleratzea izan beharko litzateke konponbiderako bide bat. Modu bateratu eta adostu batean. Aldiz, horren alde gabiltzanok kriminalizatu nahi gaituzte. Zuen kasuan, gainera, bai defendatua zein abokatua, biak auziperatu zaituztete. I.M.:Bai, muturreko egoera harago eraman badaiteke, eraman dute. Kepa bera da ni asistitu nauena, eta orain bera, asistentzia eta defentsa juridikoa eman duen pertsona kriminalizatu nahi dute. Hau guztia gertatzen da 2016. urtean, XXI. mendeko Europan, ustez demokrazia irakasgaiak eman nahi digun Estatu batean. Benetan errealitate hori normaltzat hartzen badugu gizarte gaixo bat izango genuke, eta arduratzeko modukoa litzateke. Abokatu legez, zuen lana oztopatuta dago. K.M.:Berez, eta formalki, defendatzeko aukera badugu, baita gure burua defendatzeko ere. Baina badago esaera bat zeinak dioen bere burua defendatzen duen abokatuak lelo bat duela bezerotzat. Egia borrobila da. Azkenean, abokatu moduan jarduten duzunean, saiatzen zara perspektibaz jarduten. Baina perspektiba hori, nahi eta nahi ez, galtdu egiten da zu zeu inputatua zarenean. Ez dakit hori ere bilatu duten gure kontra egin zutenean; izan daiteke besteen defentsa ere oztopatu nahi izatea. Urteak daramatzazue auzi politikoetan defentsa lanak egiten, eta eskarmentua duzue. Hala ere, oraingoan, ibilbide baten persektiba duzuen abokatu askok ezingo duzue zuen lana bete, auzipetuak zaretelako. K.M.: Ondorio hori ere atera daiteke, eta gertatuko da. Esperientzia hori halabeharrez badugu, eta bagaje hori, neurri batean, ez da egongo gure defentsetan. Hala ere, nik uste dut arazoa ez dela juridikoa, baizik eta beste parametro batzuetan jarrita dgoela. Oso adierazgarria da jarduera armatu bateko gatazka bat amaitu eta hiru urtera holako prozedurak zabaltzea. Horrek adierazten du Estatuaren nahia zein den, eta nik uste prozedura honetan horri eutsi behar diogula eta azaldu gure posizioa edo eskaintza momentu hartan zein zen eta zein den. Aipatu duzue auzia arrazoi juridikoetatik at dagoela. Onjetibok begiratuta, zein oinarri du auziperatze autoak? I.M.:Dagoen oinarria da Estatu espainiarrak beldur diola bakeari eta konponbideari. Beldur dio horrek maila batean jendartearen aurrean ahul legez aurkezteari, urte eta hamarkadetan mantendu duen tesi politiko eta sozial eta juridikoa hankaz gora geratzeari, herri honetan benetan dagoen nahiari bide emateari. Eta horren isladarik handiena presoen gaia da. Beraien eskemetan ez da sartzen preso eta iheslariak hartuko dituen herri bati eraikuntza ematea. Erreferentzia tenporala da horren lekuko Herrira sortu zen, hain justu, herri honetan gehiengo sozial batek konponbide baten alde zegoen unean, eta herri honetan bake eszenatoki bat eraikitzeko gehiengo sozialaren magalean. Iritzi ezberdinak egongo dira, eta eztabaidak emango dira, baina gehiengo soziala bazegoen eta Herriraren bokazioa zen gehiengo sozial hori artikulatzeko bidea eskaintzea. Bi urteko jardueraren ondorioz emandako bultzada eten nahi izan dute. Are gehiago, 2013an atxilotu gintuzten, Parot doktrinaren testuinguruan, ez da kasualitatea. Badirudi gatazka konpontzea ez dela Espainiaren lehentasuna. Zuen ustez, presoak dira gaur egun bake eszenatoki horretara ez heltzeko Espainiak erabiltzen duen gakoa? I.M.: Azken urteetako gertaerek hori adierazten dute, konstatazio objetibo bat bihurtu da. Eztaabaida sozial eta politikoan presoen gaia baztertzeko nahi horri eutsen diote. Eta aitortu behar dugu beraien helburua lortzen ari direla; beraz, euskal jendarteak horri buruz ariketa kontziente bat egin beharko luke. Eskubide urraketek jarraitzen dute, beraz. K.M.: Gaixo dauden presoen egoera dugu; zigor gehiena beteta izanda beraien egoera alda zezaketen presoak daude, eta isolamendu egoeran dauden presoen artean Arantza Zulueta aipatuko nuke berriro, bi urte eta lau hilabete daramatzalako bakar-bakarrik. Ez kolektiboko presoekin ez beste inolako presorekin harremanik ez du. Egoera oso bortitza da. Espainiak legedia aplikatuta eta borondatea izanda, hainbat presoren egoera aldatzeko aukera du. Ez badu egiten da bake prozesuan eragiteko modua baduelako preso politikoak baliatuz; hala ere, ez nuke baztertuko mendeku nahia ere. Egoera horiek pairatzen dituzten zenbiat preso, gainera, oraindik ez dituzte epaitu. K.M.: Arantzaren kasua da, ez dute epaitu oraindik. Momentu honetan, Espainiar estatuan dagoen prebentibo bakarrenetarikoa izango da, eta epaiketaren zain dago eta Puerton daukate, Madrilen epaituko badute ere. I.M.: Zoritxarrez, Lea-Artibain eta Busturialdean baditugu kasu aipagarriak. Legea bere horretan hartuz gero, gaur egun beraien egoera leundu zezaketen eta dagozkien eskubideen jabe liratekeen hainbat preso daude. Bestalde, dispertsioak indarrean jarraitzen du; bi pertsonak istripua izan dute joan den asteburuan espetxera zihoazela, Egoitz Koto mundakarrak bidaia luzea pairatu behar izan du gaixo duen aita ikusteko, gaixotasun sendaezina duten presoen kasuan Ibon Iparragirre ondarrutarraren egoera aipatu behar da, eta, berriro, isolamendu egoera pairatzen duen Arantza Zulueta lekeitiarra. 11/2013 auzian. zenbaterainoak izan daitezke zigor eskaerak? K.M.: ETAri laguntza emateagatik 5 eta 10 urte bitartean, eta kide izateagatik 6tik 12ra artekoak izan daitezke. 14 urtera hel daiteke burukide izatea leporatuz gero. Horri auzi ekonomikoa gehitu beharko litzaioke. Hala ere, auzi ekonomikoak ez du ez hanka ez bururik. Delitu ekonomikoen eta ustelkeria kasuen ingurumari horren harira egin zituzten akusazioak. Lan publikoa egiteagatik zenbait pertsona atxilotzearen eskandalua leuntzeko gehitu zituzten delitu ekonomikoak eta langileen kontrako delituak.