Piraten ska jaieguna
Piratak Athleticekoek eta Gerniska Rudelariek beraien urteko egun berezia elkarregaz ospatuko dute, zapatu osoa hartuko duen programagaz. Bakoitzak bere aldetik egingo du bazkariaV. Piratak Eguna eta VI. Rudelari Eguna ospatuko dituzte zapatuan. Goizet...
Piratak Athleticekoek eta Gerniska Rudelariek beraien urteko egun berezia elkarregaz ospatuko dute, zapatu osoa hartuko duen programagaz. Bakoitzak bere aldetik egingo du bazkaria
V. Piratak Eguna eta VI. Rudelari Eguna ospatuko dituzte zapatuan. Goizetik hasita, hainbat ekintza prestatu dituzte elkarregaz egiteko; iluntzean, ska eta reggae kontzertuak egingo dituzte. Bazkariak, berriz, bananduta egingo dituzte, Piratek Pasealekuan eta Gerniska Rudelari taldekoek, Astran.«Lehen mailako futbol liga amaitu eta hurrengo asteburuan egiten dugu Piratak Eguna, eta aurton, Rudelari Egunagaz bat egin du, beraz, gauza batzuk bion artean antolatzea erabaki dogu», azaldu du Piratak taldeko Danel Lauzirikak. «Gernikan egiten dugu bosgarren urtez, bertara Bizkaia osoko jendea datorrelako, kanpokoak ere bai. Gainera, Gernikako Piratak oso aktiboak dira, eta herritarren parte hartzea ere oso ona izaten da beti», gehitu du.
Ekintzak 10:00etan hasiko dira, txistularien kalejiragaz. Pasealekuan umeentzako puzgarriak egongo dira, eta bitartean, helduek Aldats elektrotxarangagaz poteoan ibiltzeko aukera edukiko dute, bazkaldu baino lehenago.
«Rudelari eguna hasi ginen ospatzen Gernikan, Jamaikako musika gustatzen zaigunok batzen ginelako, eta ikusten genuelako, hemen, batez ere, rock eta punk musika kontzertuak daudela. Beraz, guri gustatzen zaigun musikaren emanaldiak hasi ginen antolatzen», esan du Gerniska Rudelari taldeko Takolok. «Orain, egun osoko jaia antolatzen dugu, talde indartsuekin. Urtean beste ekintza batzuk ere antolatzen ditugu musika honen inguruan».
Bazkari Pirata Pasealekuan izango da, 15:00etan. Aggro Bazkaria, berriz, Astrako terrazan egingo dute. Entsalada, indaba erriojamikano, goarnizio, izozki eta kafeak osatuko dute menua, garagardoa, ardoa eta ura barne. Bazkari bietarako txartelak Ospa tabernan erosi behar izango dira aldez aurretik.
Arratsaldean, berriz, aparjaia eta giza futbolina egingo dituzte, Pasealekuan. Ondoren, Fabe de Fuka ska elektrotxarangak giroa berotuko du, gaua heldu bitartean.
Astran izango diren kontzertuak; Majaicans taldearen ska eta reggae doinuekin hasiko dira, 22:00etan. 2003an sortutako talde madrildarraren hamaika partaideak igoko dira oholtzara, musika dantzagarria jotzeko. Ostean, 60ko hamarkadako musika jamaikarragaz etorriko da Soweto Ska Band talde beteranoa. Ska doinuetan erreferentea den taldeak koru eta koreografiekin dantzan jarriko ditu bertaratutakoak.
Sarrerak 8 euroan salduko dituzte, Astran bertan. Gaua goizaldera arte luzatzeko, Selektah Amunda Mikel Amundarain ska DJa egongo da musika jartzen, Ospa tabernan.