Jai giroa nagusitu da Arratzuko eta Ajangizko jaietan eta sanisidroetan
Barikuan hasi eta atzo amaitu zituzten Arratzuko jaiak. San Isidro jaiak ospatu dituzte bertoko bost herritan. Ajangizko bizilagunak herriko jaien bigarren asteburuan elkartu diraHerri askotan jai giroan murgildu dira herritarrak asteburuan. Arratzuko ...
Barikuan hasi eta atzo amaitu zituzten Arratzuko jaiak. San Isidro jaiak ospatu dituzte bertoko bost herritan. Ajangizko bizilagunak herriko jaien bigarren asteburuan elkartu dira
Herri askotan jai giroan murgildu dira herritarrak asteburuan. Arratzuko eta Ajangizko jaiekin batera, domekan San Isidro eguna ospatu zuten Mendexan, Mendatan, Muruetan, Foruan, Ibarrangelun, Eako Natxitua auzoan eta Mutrikuko Olatz auzoan. Domekan santuaren omenezko mezan batu ziren udalerri horietako fededunak, eta meza ostean, hamaiketakoan kontu kontari egoteko astia hartu zuten, trikitilarien doinu artean.Mendatan eta Muruetan herri kirolen erakustaldiak ere izan zituzten. Mendatan Lindo astoa eta gazteen arteko dema ikusteko batu ziren herritarrak. Muruetan, berriz, askotariko erakustaldiak egin zituzten: giza probak, txokor batzea, harrijasotze, aizkolari, trontza-lehia… Bestalde, natxituarrek Ermintxo jatetxean bazkaldu zuten.
Arratsaldean, zezen txikiak izan zituzten Mutrikuko Olatz auzoan, ermita alboko zelaian. Han eta hemengo jende asko ibili zen zezenen aurrean saltaka.
Bestalde, Eskolarteko sokatira, saskibaloi eta futbito txapelketekin hasi zituzten jaiak barikuan muruetarrek. Zapatu arratsaldean, berriz, Hijos del Lobo kultur elkartearen eskutik Herri Bikingoen Etorrera irudikatu zuten, eta herritar batzuk bikingoz mozorrotuta bertaratu ziren.
Bikingoek frontoian jarri zuten akanpalekua, eta ume zein nagusiek hainbat proba eta jolas egin zituzten, tartean, gynkana. Bakarka, ezpata, arkua eta xabalina jaurtitzen zein trebeak diren erakutsi, eta txanpon jaurtiketetan ere ederto moldatu ziren. Taldeka ere zenbait jolas egin zituzten, sokatira, esaterako.
Iluntzera bitartean, bikingoen mundua bertatik bertara ezagutu zuten, eta borrokaldi erakustaldia ere egin zuten. Gero, txitxiburduntzian bapo jan eta edan, eta Enrike Arzubiagaren eskultura lanen erakusketa aurkeztu zuten, Udalbarri aretoan.
Halaber, Mendatan emakumeak izan ziren eguneko protagonistak, zapatuan. Eguerdian, Artape jatetxean bazkaldu zuten udalerriko emakume elkarteko kideen eskutik. Arratsaldean, Muxikako andreek Errautsetatik Erne antzeztu zuten, Mikel Deuna elizan.
Ajangiz eta Arratzu
Bestalde, ajangiztarrek herriko jaien bigarren asteburua izan dute. Bariku arratsaldean umeek primeran pasatu zuten plazan, jolasten, eta zapatu eguerdian, Txakolin Egunean batu ziren ume zein nagusiak. Pintxoak janez, hiru txakolin mota dastatzeko aukera eduki zuten.
Nagusiek txakolinak dastatzen zituzten bitartean, Artxube dantza taldeko neska-mutilek hogei bat dantzaren emanaldia egin zuten udaletxe aurreko plazan. Ia ordu beteko saioan, euskal dantzetan duten abilezia erakutsi zuten, txalo artean.
Arratzun, berriz, atzo izan zuten jaien azken eguna. Eguerdiko mezaren ostean, herriko tabernan bapo bazkalduta agurtuko zituzten jaiak.
Bariku iluntzean ekin zieten jaiei arratzuarrek, Iskander Rodriguez musherraren pregoiagaz. Xabi eta Joseba trikitilariek lagunduta, buruhandiekin kalejira egin zuten ostean. Sartenekoa ere ez zen falta izan. Gauean, Galder Perezen eta Ana Zabalaren monologoekin barre algara itzelak egin zituzten.
Zapatu eguerdian, Arratzuko Piratak Herri Kirol taldekoen arteko desafioa egon zen; Piratak B nagusitu zen. Ostean, herri bazkarian elkartu ziren, frontoian.
Arratsalde-iluntze partean, briska eta mus txapelketak, puzgarriak, txokolate jana eta Nomofobia taldearen Sarean Kateatuak antzerki emanaldia izan zituzten, eta gauean, Urrats taldearen erromeriagaz dantzan eta kantuan aritu ziren goizaldeko ordu txikiak arte.
Domeka goizean, Bizkaiko Esnea Urdaibai Txapelketaren finalak jokatu ziuzten, eta arratsaldean, Mikel Goñi eta Uriondo, Uriona eta Edorta Bilbaoren kontra aritu ziren pilotan, nor baino nor gehiago.