"Gatazkaren konponbidean lanean gabiltzanok kriminalizatu nahi gaituzte"
11/2013 auzian auzipetu dituzte Kepa Mantzizidor Txirapozu (Mundaka, 1966) abokatua eta Ibon Meñika (Zamudio, 1977) Herrirako kidea. Biek ere, presoei laguntza emategatik atxilotutako polizia operazioetan atxilotu zintuzten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok auzipetu egin ditu, beste 45 lagunekin batera.
47 lagunen artean inputatu zaituztete, presoen alde lan egiteagatik eta abokatu legez ere presoen defentsa egiteagatik. Zelako irakuketa egin dakioke auzi honi?
Kepa Mantzizidor: Nabarmendu nahiko nuke, tramite hutsa izan arren, zelan erabili duten, mendekurako. Tramitea dela jakinda, bideokonferentzia bidez egiteko eskatu genuen, baina epaileak esan zuen tramite oso garrantzitsua zela inputatuentzat; beraz, Madrilera joan behar izan genuen. Hala ere, epailea bera ez zen azaldu, eta bi minutuko kontua izan zen. Bestalde, azpimarratu nahiko nuke Arantza Zuluetaren egoera. 47en artean preso duten bakarra da, inolako arrazoi juridikorik ez duen egoera pairatzen ari da. Bideokonferentziaz deklarazteko aukera ez zion onartu epaileak eta kunda –bidaia– oso gogorra pairatu behar izan zuen: Puertoko kartzelan dute preso, handik Sevillara eraman zuten, Malagara jeitsi, gero Granadara, Soto del Realera eta azkenean Extremerako kartzelara. Bidaia oso gogorra bi minutuko tramite hutsa betetzeko. Zeintzuk dira zuen kontrako inputazioak? K.M. ETAko kide izatea edo laguntza ematea. Atxilotu gintuztenean aipatu zituzten bestelako delituak aparteko auzi batean ikusten ditu epaileak; delitu ekonomikoak eta, batez ere, Herrirako auzipetuei leporatzen dizkieten delituak. Beste pieza batean jasoko dituzte. Ibon Meñika. Madrilen, instantzia denetan, badirudi ez dutela ulertu nahi Euskal Herrian azken urteetan egoera aldatu izan dela. Beraingandik jasotzen duguna betikoa da, errepresioa eta kriminalizazioa. Adierazgarriak dira azken urteetan presoen alde lan publikoa egin dugunen kontrako operazioak. Gure kontra lehenengo (2013), eta, gerora, Kepa [Mantzizidor] eta beste hainbaten kontrako sarekadak. Presoenganako elkartasuna eten nahi dute. Gaur egun, 2016. urtean, 385 preso izatea anakronikoa da, obsoletoa, ez deko zentzurik. Gatazkaren konponbiderako borondate politiko eta soziala egon badagoen une honetan presoen kaleratzea izan beharko litzateke konponbiderako bide bat. Modu bateratu eta adostu batean. Aldiz, horren alde gabiltzanok kriminalizatu nahi gaituzte. Zuen kasuan, gainera, bai defendatua zein abokatua, biak auziperatu zaituztete. I.M. Bai, muturreko egoera harago eraman badaiteke, eraman dute. Kepa bera da ni asistitu nauena, eta orain bera, asistentzia eta defentsa juridikoa eman duen pertsona kriminalizatu nahi dute. Hau guztia gertatzen da 2016. urtean, XXI. mendeko Europan, ustez demokrazia irakasgaiak eman nahi digun Estatu batean. Benetan errealitate hori normaltzat hartzen badugu gizarte gaixo bat izango genuke, eta arduratzeko modukoa litzateke. *Elkarrizketa, osorik, biharko HITZAn