Bertso saioagaz hasiko da XVI. Iparraldeko Haizeak jaia
Barikuan eta zapatuan ospatuko da Aittitta Txiki kultur elkarteak Iparraren eta Hegoaren arteko harremana sendotzeko antolatzen duen ospakizunaBi egunera mugatu dituzten arren, beti bezalako indartsu datoz Iparraldeko Haizeak Lekeitiora. Bariku iluntze...
Barikuan eta zapatuan ospatuko da Aittitta Txiki kultur elkarteak Iparraren eta Hegoaren arteko harremana sendotzeko antolatzen duen ospakizuna
Bi egunera mugatu dituzten arren, beti bezalako indartsu datoz Iparraldeko Haizeak Lekeitiora. Bariku iluntzean hasiko da Aittitta Txiki kultur elkarteak, Iparra eta Hegoaren arteko harremana sendotzeko orain dela hamasei urte hasitako ospakizuna. Urtero modura, beraz, iparraldeko eta hegoaldeko talde eta herritarrak izango dira euskal kultura bultzatu eta zabaltzearen arduradunak.20:15ean hasiko da barikuko bertso saioa, Ikusgarri zinema aretoan. Amets Arzallus, Sustrai Colina, Odei Barroso, Fredi Paia, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañak jardungo dute bertsotan, gai jartzaile lana, bestalde, Xabat Galletebeitiak beteko du, eta Lekeitioko bertsolariari laguntzen ibiliko dira Aissa Intxausti eta Aitor Ruiz herriko bertsolari gazteak.
Bertso saiorako sarrerak Aralde liburu dendan eros daitezke, 6 euroan. Hala ere, saioaren egunean bertan sarrerak eskuratzeko aukera egongo da, Ikusgarri aretoko leihatilan, 19:30etik aurrera. Aittitta Txiki kultur elkartekoek jakitera eman dutenez, sarrerekin lortzen den dirua Donahue sindromea duen ume batentzat izango da. «Lekeition familia duen Maialenek laguntasuna behar du, eta ekintza gehiago egongo dira berari laguntzeko».
Azoka berezia
Orain arte domeketan egin izan den taberna eta kuadrillen arteko Gisatu Txapelketa zapatuan izango da aurten. 10:00etatik aurrera hasiko dira sukaldariak janaria prestatzen tabernen inguruetan eta Eskolapean, eta 13:30era arte edukiko dute prestaketetan jarduteko astia; ordu horretan eraman beharko dituzte gisatuak epaileen aurrera. Sari banaketa, baina, bazkalostean izango da, 18:00etan.
Eskolapeagaz gain, plazara eta herri osora zabalduko da jaia. Urtero modura, iparraldeko eta hegoaldeko produktuak erosteko aukera egongo da Independentzia plazan jarriko duten azoka berezian. 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik azoka, eta aurten, 30 bat postu egongo direla aurreratu dute Aittitta Txikikoek, hamahiru iparraldetik etorritako ekoizleenak.
Egun osoan egongo da jai giroa. Iparraldeko Polekeleke elektrotxaranga eta Aulestiko K-Tum-K batukada kalerik kale ibiliko dira aurten, eta urtero modura, Baigorriko Gaiteroak, Aittitta Makurra Txarangak, Lekeitioko Joaldunak, eta Itxaropena txistulari taldeak alaituko dituzte kaleak.
Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeen emanaldirik ere ez da faltako, baina, oraingoan, Eskolapean eskainiko dute dantzaldia.