Balea eta arrantza izango dira Geoparkearen Asteko protagonista
Maiatzaren 20tik 29ra, hainbat ekimen egingo dira Mutrikun, Deban eta Zumaian. Herritarrak ere Geoparkearen Asteko progragonista izan daitezen nahi du GeoparkeakGeoparkeko baleazaleak goiburupean, Europako Geoparkeen VI. Astea ospatuko da etzitik maiat...
Maiatzaren 20tik 29ra, hainbat ekimen egingo dira Mutrikun, Deban eta Zumaian. Herritarrak ere Geoparkearen Asteko progragonista izan daitezen nahi du Geoparkeak
Geoparkeko baleazaleak goiburupean, Europako Geoparkeen VI. Astea ospatuko da etzitik maiatzaren 29ra bitartean, Mutrikun, Deban eta Zumaian. Ekimena Europan egun dauden 69 geoparkeetan burutuko da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin.Aurtengo egitaraua atzo aurkeztu zuten Mutrikun, eta antolatzaileek iragarri dutenez, hamaika ekimen antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, doako bisita gidatuak, argazki erakusketa, haurrentzako tailerra, Lasturko interpretazio gunearen inaugurazioa, Euskal baleazaleen triskantza dokumentalaren proiekzioak eta solasaldiak…
Leire Barriuso Geoparkearen arduradunak aurkezpenean nabarmendu zuenez, herritarrak Geoparkeen Astearen protagonista bihurtu nahi dituzte. «Geoparkeko biztanleei, haur, gazte zein helduei, parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu».
Baleazaleak gogoan
Geoparkearen Asteak baleazaleak izango ditu ardatz nagusi. «Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, Mendatan (Itziar, Deba) talaia batean arrastoak aurki ditzakegu. Geoparkeak sustatuta, indusketa lanak egin dira bertan Suhar Arkeologiaren eskutik, eta bertan grabatu dituzte Euskal baleazaleen triskantza dokumentalerako zenbait irudi ere».
Hain zuzen ere, Geoparkearen Astearen baitan, dokumentala ikusteko aukera egongo da hiru herrietan. Mutrikun, esaterako, dokumentalaren aurkezpena maiatzaren 25ean egingo da, eta proiekzioaren ostean, solasaldia egingo da Suhar Arkeologoia taldeko kideekin batera. Gaian gehiago sakondu nahi dutenek maiatzaren 28an Mendatako talaiaren indusketara ibilaldi gidatua egiteko aukera izango dute.
Era berean, Geoparkearen Asteak iraungo duen egunetan Itsas hondoen bizilagunak argazki erakusketa ikusteko aukera egongo da Mutrikuko Zabiel jauregian. «Euskal kostaldean ateratako argazkiez osatutako erakusketa da, eta bertako itsas hondoen garrantziaz eta babesteko beharraren inguruan Geoparkeko biztanleak sentsibilizatzea du helburua».
Itsas tradizioari lotuta, gainera, Euskal ontzigintza eta ontziolak hitzaldia ere egingo da hilaren 24an, Mutrikun, Mikel Leoz Albaola Itsas Kultur Faktoriako kidearen eskutik.
Geoparkearen Astearen baitan, irteera gidatuak ere eskainiko dira. Horietako bat, Nautilus, flyscheko fosilak, Mutrikun egingo da, zapatuan. Egitarauari amaiera emateko, maiatzaren 29an, Geoparkeko interpretazio gune berriaren inaugurazioa egingo da, Lasturko aterpetxean.