Euskal Herriko arrantza. Etorkizuna lantzen hitzaldia eskainiko du bihar, 19:00etan, Leo Belaustegi (Mutriku, 1950) Ondarroa 12 milia plataformako kideak, Bermeoko Arrantzaleen Museoan.
Leo Belaustegi
Zer da Ondarroa 12 milia plataforma?
Artisau-arrantza eta arrantza iraunkorra bultzatzen ari den plataforma bat da. Euskal Herriko kostaldea, portuak eta arrantzaleak etorkizunean mantentzea helburu duen plataforma bat da, hain zuzen ere.
Zer azalduko duzu bihar, Bermeon?
Euskal Herriko arrantzaren inguruko egoeraz ariko naiz. Hiru ataletan banatuta azalduko dut; bilakaera, gaurko egoera eta etorkizuna.
Eta zein da Euskal Herriko arrantzaren egoera?
Gerra aurretik, artisau-arrantza egiten zen gure kostaldean; gerra-ostean, berriz, artisau-arrantza gutxitzen joan zen eta industrializatzen hasi zen. Gero eta arte suntsitzailegoak erabiltzen hasi ziren, ingurasarea eta arraste-arrantza, hain zuzen. Arrantza sektorea, hortaz, indartzen joan zen, eta 70. hamarkadan, portuek eztanda egin zuten. Hala, 15.000 arrantzaletik gora ginen eta 1.500 itsasontzi baino gehiago zeuden. 80. hamarkada, aldiz, gogorra izan zen. Espainia Europako Batasunean sartu zen, eta Europak izugarrizko murrizketak jarri zituen. 90. hamarkada ere latza izan zen, Europak jarritako baldintza gogorren eraginez. 2000. urterako ontzidia berritzen hasi ginen, baina inolako arrantza politikarik barik egin genuen. Arraina gutxitzen joan zen, eta lehiakortasuna areagotu egin zen, inportatzen hasi zelako. Horrek guztiak, gaur egungo egoerara ekarri gaitu, egoera benetan kezkagarrira. Gaur egun, 2020.urtera arte iraungo duen arrantza politika berria etorri da Europatik. Besteren artean, ezin daiteke arrainik itsasora bota, deskarterik ezin da egin, arrainei erruntzen utzi behar zaie eta arrain guztia porturatu behar da Europako baldintzen arabera. Horrez gain, portuetan gero eta itsasontzi gutxiago daude.
Gure arrantza mantendu nahi baldin badugu, eta mantendu beharra daukagula uste dut, filosofia aldatu behar dugu. Arraina harrapatzeaz gain, balio erantsia ematen hasi behar diogu.
Zenbateko beherakada eman da portuetan?
Azken 25 urteetan, portuek %75 itsasontzi gutxiago dituzte. Azken lau urteetan, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 51 itsasontzi desagertu dira, eta 500 arrantzale baino gutxiago daude gure portuetan. Ematen diren baldintzekin inork ez du itsasora joan nahi; hirugarren munduko baldintzak baitira.
Kanpotik arraina inportatzen al da?
Bai, hala da. Gure portuetara iristen den arraina ez da bertoko jantoki publikoetara iristen. Antxoa saldu ezinean daude Ondarroako portuan, eta daukadan datuen arabera, gure jantokietan ez da arrain hori jaten. Kanpotik ekarten dute. Izugarrizko arazo bat daukagu. Gure arrantza mantendu nahi baldin badugu, eta mantendu beharra daukagula uste dut, filosofia aldatu behar dugu. Arraina harrapatzeaz gain, balio erantsia ematen hasi behar diogu. Arrantzaleek, gainera, bizi baldintza egokiak eduki behar dituzte, gainontzeko langileek modukoak. Horiek ez daukate ez soldatarik, ez ordutegirik ez oporrik…Eusko Jaurlaritzak ez dauka arrantza politikarik, beraz, hor sortzen da arazoa.
gaur, arrantza munduan gabiltzan agente guzti-guztiak batu behar gara, danon artean egoerari buelta eman ahal izateko.
Zein izango litzateke irtenbidea zuen arabera?
Itsas bazterretik hasi eta 12 miliara, itsas eremu babestua izan beharko litzatekeela uste dugu. Gune horretan, arrainari bere erruntze prozesua egiten utzi behar zaio, leku bat behar duelako prozesu hori garatzeko. Arte suntsitzaileengandik galdu diren lehengo kaladeroak, gainera, berreskuratu beharko lirateke. Horrez gain, gure arrain preziatua gehiago merkaturatu beharra daukagu. Bestalde, gure kofradiek azpiegiturak behar dituzte arrainari balio erantsia emateko. Arrantzaleek urrutira joan nahi ez dutela jakinik, 12 miliako gune hori eguneroko arrantza egokia litzateke; goizaldean atera eta arratsaldean bueltatzekoa. Hala, lehen portuetan egoten zen giroa berreskuratu ahalko litzateke. Era berean, gaur egungo teknologia berrietara egokitu behar dira itsasontziak, eta emakumeei ere lekua egin behar zaie ontzietan. Gaur egun, ontziak ez daude horretarako prestatuta. Horretarako, gaur arrantza munduan gabiltzan agente guzti-guztiak batu behar gara, danon artean egoerari buelta eman ahal izateko. Ondarroa 12 milia plataformatik proposamen horiek guztiak gizarteratzen ari gara; gaur, Bermeon egingo dugu.