Herriko jaien bigarren asteburuan, eguerdian herriko dantza taldearen emanaldiagaz gozatu dute txakolina dastatzen zeuden bitartean.
Artxube dantza taldeko neska-mutilek mota desberdinetako hogei bat dantzaren emanaldia egin dute udaletxe aurreko plazan. Ia ordu beteko erakustaldian euskal dantzetan duten abilezia erakutsi dute, bertaratutakoen txalo eta animo oihu artean.
Askotariko pintxoekin batera, hiru txakolin mota dastatzeko aukera eduki dute. Batetik, herriko txakolin gorria, eta bestetik, Ajangizko mahatsekin egindako Axpe txakolin zuria, eta Arratzuko Mintxisko txakolin zuria.
Orain herri bazkarian elkartu dira, eta arratsaldean musikak girotuko du plaza.
Bihar, berriz, San Isidro eguneko meza edukiko dute, eta ostean, hamaiketakoa egingo dute plazan.
Ohitura legez, Ajangizko Mugari Bira ibilaldiagaz agurtuko dituzte herriko jaiak, datorren domekan. Udalerriko mugetatik barrena bi ibilbide egiteko aukera izango dute. Ibilaldi luzea 20 kilometrokoa izango da, eta laburrak, berriz, 11 kilometro izango ditu.