Hijos del Lobo kultur elkarte asturiarraren eskutik Herri Bikingoen Etorrera irudikatu dute arratsaldean Muruetan.
Bikingoek frontoian jarri dute kanpalekua, eta bertaratu diren ume eta nagusiekin hainbat proba egin dituzte frontoiaren beheko zelaian.
20 bat umek eta dozena bat nagusik ginkanan parte hartu dute. Bakarka, ezpata, arkua eta xabalina jaurtitzen zein trebeak diren erakutsi dute, eta txanpon jaurtiketetan ere ederto moldatu dira. Halaber, taldeka ere zenbait jolas egin dituzte, sokatira, esaterako.
Iluntzera bitartean Bikingoen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, besteak beste, Asturiasko bikingoek borrokaldien erakustaldia egingo diete, eta borrokaldi horien inguruko azalpenak ere emango dizkiete: nola borrokatzen ziren, erabiltzen zituzten armak etab.
Iluntze gau partean, berriz, txitxiburduntzian batuko dira Udalbarri aretoaren kanpoaldean. Gainera, euskal bingoa edukiko dute, ume zein nagusientzat.
Bestalde, 21:30ak inguruan, Enrike Arzubiagaren eskultura lanen erakusketa aurkeztuko dute, Udalbarri aretoan.
Bihar herri kirolak
Eskolarteko sokatira, saskibaloi eta futbito txapelketekin hasi zituzten atzo San Isidro jaiak Muruetan, eta bihar izango da herriko jaien azken eguna.
11:15ean hasiko da San Isidroren omenezko meza, eta 12:00etan Kofradiaren harrera, eta hamaiketakoa egingo dituzte.
Gero, 13:00ak aldera andren eta gizonen herri kirol erakustaldiak ikusteko aukera egongo da. Muruetako Soka-Txiki taldeko kideak txokor batzen ariko dira. Santi Zubizarreta eta Mikel Alzola gizon probetan lehiatuko dira, eta Zubizarretak berak eta Batirtze Ispizuak trontzan duten abilezia erakutsiko dute. Bestalde, Muruetako TrontzaGazte taldeko Arkaitz eta Santi trontzan lehiatuko dira.
Halaber, Iker Murueta barreneroak, Nerea Egurrola ingudeak, Mikel Alzola harrijasotzaileak eta David Naredo aizkolariak ere parte hartuko dute eguerdiko erakustaldian.
Herri kirolak amaituta, txakolin eta sagardo brindis herrikoiagaz agurtuko dituzte San Isidro jaiak.