Atzo iluntzean ekin zieten herriko jaie arratzuarrek. Aurten Iskander Rodriguez musherrak eduki du pregoia botatzearen ardura.
Pregoiaren ostean, Xabi eta Joseba trikitilariek lagunduta buruhandiekin kalejira egin zuten, eta sartenekoa ere ez zen falta izan. Gauean, berriz, Galder Perezen eta Ana Zabalaren monologoekin barre algara itzelak egin zituzten.
Eguerdian Arratzuko Piratak Herri Kirol taldearen desafioa eduki dute. Piratak A taldea Lekuek, Bingenek, Salvak, Naroak, Barinagak eta Aitorrek osatu dute. Piratak B taldeko ordezkariak, berriz, Oregi, Ibon, Arrien, Beñat, Iñaki, Aiora eta Aritz izan dira.
Bi talde horietan banatuta zenbait proba egin dituzte, eta Piratak B taldea nagusitu da. Besteak beste, aizkoran, harri altzaldian, trontzan eta txokorrak batzen aritu dira.
Orain herri bazkarian batu dira frontoian.
Arratsaldean, briska eta mus txapelketak jokatuko dituzte, eta puzgarriak egongo dira umeentzat 18:30ak aldera arte. Ostean, txokolotada egingo dute.
Iluntzeko 20:30etatik aurrera, Nomofobia taldearen
Sarean Kateatuak antzerki emanaldia ikusteko aukera egongo da, eta gauean Urrats taldearen erromeriagaz dantzan eta kantuan ariko dira goizaldeko ordu txikiak arte.
Bestalde, bihar goizean Bizkaiko Esnea Urdaibai Txapelketaren finalak jokatuko dituzte. Eguerdian, berriz, meza nagusian elkartuko dira, eta Arratzuko Koruaren abestiez gozatzeko aukera edukiko dute.
Arratsalderako pilota partida bereziak prestatu dituzte. Mikel Goñi eta Uriondo, Uriona eta Edorta Bilbaoren kontra ariko dira nor baino nor gehiago.
Martitzenean izango dute jaien azken eguna. 13:00etan mezan batuko dira, eta ondoren, Herriko tabernan bapo bazkalduta agurtuko dituzte jaiak.