Radixu Irratiak jasoko du XVI. Antxoa Eguneko Zilarrezko Antxoa
Ohi modura, antxoaren balioa lau haizetara zabaltzea izango da jaiaren helburu nagusia. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, inor ez da pintxorik probatu eta jan barik gelditukoBerritasun bat edo bestegaz dator bihar XVI. Antxoa Eguna. Antolatzaileek ira...
Ohi modura, antxoaren balioa lau haizetara zabaltzea izango da jaiaren helburu nagusia. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, inor ez da pintxorik probatu eta jan barik geldituko
Berritasun bat edo bestegaz dator bihar XVI. Antxoa Eguna. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten, Radixu Irratiak jasoko du Zilarrezko Antxoa sari preziatua; herriko irrati libreak 25 urte betetzen dituen urtean, hain zuzen ere. «Aurten Radixu Irratiari pentsatu dugu Zilarrezko Antxoa saria ematea. Herriaren alde lan handia egiten dute, eta egokia iruditu zaigu mota honetako omenaldi txiki bat egitea».Saria eguerdian banatuko da Zubi Zaharraren azpian, baina aurretik, beste hainbat ekimen plazaratuko ditu antxoaren inguruko jaiak. Beste behin ere, Ondarroan hain preziatua den antxoaren balioa lau haizetara zabaltzea izango da jaiaren helburu nagusia, eta berau prestatzen aritu diren eragileek eta laguntzaileek herritar guztiei eta ingurukoei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Ohiko den legez, jaia 12:00etan hasiko da, arrantzaleek antxoa porturatzen dutenean modura, hiru turrunegaz, eta 16:00ak bitartean, herriko hainbat elkarte gastronomikoren eta kuadrillaren laguntzagaz prestaturiko ehunka pintxo banatuko dira alde zaharrean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, inor ez da geldituko pintxorik jan barik. «Pintxoak soberan egongo dira, inor ez da goseagaz geldituko».
Ondarroara datorrenak hainbat eratara prestatutako antxoa dastatzeko aukera izango du dozenaka boluntarioren eskutik; Galizia Etxekoek pudina prestatuko dute, Batzokiak antxoak ozpin saltsan egingo ditu, eta Eskilantxarri elkarte gastronomikoak, ostera, tortillak. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gainera, hainbat urtez egin gabe egon ostean, aurten antxoa gildak ere egongo dira, Gure Abixi elkarte gastronomikoaren eskutik.
Momentuan prestatutakoak
Pintxo horiez gain, bertan momentuan prestaturikoak ere egongo dira aukeran: Zubiaurre eta Pixape elkarte gastronomikokoek kroketak prestatuko dituzte, Kaxarra kuadrillak pla-pla erara sukaldatuko ditu momentuan antxoak, eta horiez gain, Gernikako piperrak ere jateko aukera ere egongo da. Antxoa pintxoez gain, herriko kontserbak dastatzeko eta erosteko aukera ere egongo da.
Era berean, arrantza mundua herritarrei gerturatu aldera, bi ekimen berezi egingo dira alde zaharrean. Alde batetik, sare konpontzaileak sareak nola josten dituzten erakusten arituko dira, eta, bestetik, antxoa lantzeko prozesua zelan egiten den erakutsiko dute kontserbagileek.
Horrez gain, aurten bigarrenez, koloretako arrainak salabardoagaz harrapatzeko txokoa egongo da Kanttoipe errebueltaren inguruetan. Harrapatutako arrain horiek, gainera, etxera eramateko aukera izango dute txikienek.
Era berean, herriko beste altxorretako bat ere ez da faltako jaian: itsasoagaz lotutako kantu herrikoiak. Musika Eskolako zein Kantaize Orfeoiko kideak kantuan ariko dira herriko hainbat tokitan, eta ohikoa bihurtu den legez, Boga-Boga kantua abesten agurtuko dituzte eguerdiko ekimenak.
Gababusak
Eskualdeko herrietatik Ondarroa hurreratu nahi dutenek, gainera, Gababus zerbitzua izango dute aukeran. Goizaldean etxera bueltatzeko ordutegia eta izena ematea tokian tokiko udalak dinamizatuko du.
Antxoa Eguneko ekimen nagusiak eguerdian egingo badira ere, Ondarroako Gazte Asanbladak antolatuta, kontzertuez gozatzeko aukera egongo da Gaztetxean. 23:00etatik aurrera, Gaztetxearen 26. urteurrenaren ekimenen barruan Dzaust! taldea igoko da oholtza gainera, eta goizaldeko ordu txikiak DJ Elepuntok girotuko ditu musika pieza dantzagarriekin.