Pausoz pauso txikia handi eginez
Loli Elgezabal (Haizeder eskolako zuzendaria): “Etorri nintzenean eskola herrian errotu behar zela argi nuen”
Loli Elgezabal Madariaga Eako Haizeder eskolako zuzendaria eta irakaslea da. 2010-2011 ikasturtetik dago Natxitua auzoan dagoen herri ikastetxean. 1985. urtean Barrutian hasi zen irakasle moduan, eta beti eskola txikien aldeko jarrera izan duela azpimarratu du.
Haizeder eskolak estreinako antolatu du Busturialdeko Eskola Txikien jaia. Giro ederra izan zenuten barikuan.
Balorazioa oso-oso positiboa da. Herritarrak oso pozik egon ziren; herriarentzat bizitza izan da. Jende guztia oso-oso pozik geratu zen, denak ziren zorion berbak. Jaia familiei esker egin dugu. Gu bost irakasle gara, eta jaia antolatzeak dakarren guztiagaz guk bakarrik ezingo genukeen egin. Atzean familien eta udalaren laguntza izan ez bagenu, ezinezkoa izango zen. Dena ondo antolatzeko, boluntarioek lan itzela egin zuten.
Familiak aipatu dituzu. Eskolaren sorreran ere haiek zeregin handia izan zuten.
Familiek asko borrokatu dute eskolaren alde. Gurasoek apustu itzela egin zuten. Herriak ezagutu du zer den eskola ez edukitzea. Hamahiru urte egin ditu herriak eskola barik, eta umeek Gernika-Lumoko edo Lekeitioko ikastetxe desberdinetara joan behar izaten zuten, horrek suposatzen zuen sakabanaketagaz. Herriak ez zuen bizirik; asteburuetan herrian batzean ume askok ez zuten elkar ezagutzen. Orduan guraso talde bat mugitzen hasi zen eskola zabaltzeko helburuagaz. Udalaren laguntza eta babesa ere izan zuten. Horrela, hasi zen martxan eskola zabaltzearen aldeko mugimendua. Eraikin berria behar zen, lanak egin, dena egokitu… dirutza behar da horretarako. Baina, azkenean, handik eta hemendik diru laguntzak eskuratu eta zabaltzea lortu zuten.
Noiz zabaldu zituen ateak Haizeder eskolak?
2009ko irailean zabalduko zutela esan ziguten hasieran, baina lanak amaitu barik zeuden. Sei familiak etxean utzi zituzten seme-alabak eskolatu barik. 2010eko otsailaren 1ean zabaldu zituen ateak Haizeder eskolak, Barrutiaren menpe. Eskola moduan barik, ikasgela moduan hasi zen. Gela hartan 3 eta 5 urte arteko zortzi ume zeuden; eskolatu barik zeuden sei umeak, Barrutian ikasten zeuden beste bi eta Barrutiako irakasle bat ekarri zituzten hona. Hurrengo ikasturtean etorri nintzen, eta 16 ikasle genituen. Lau ikasturte eta erdi egin ditugu Barrutiako ikasgela legez, eta eskola moduan bigarren ikasturtea dugu.
Zortzi ikasle izatetik 29 ikasle izatera pasatu zarete. Eskola hazten doan seinale.
Bai, bilakaera goranzkoa da. 16 ikasletik 19 ikasle izatera pasatu ginen, gero 25 izatera, eta datorren urtean 33 ikasle izango ditu eskolak. Hasieran Barrutiko proiektuaren menpe geunden, nahiz eta askatasuna izan nahi genuena egiteko, eta, orain, gure proiektua daukagu; proiektu propioa. Pedagogikoki oso desberdina da; hemen denak batera daude.
Eskolari esker herriak asko irabazi du.
Hona etorri nintzenean argi nuen eskola herrian errotu behar zela, herriari bizitza eman, eta ahalik-eta ekintzarik gehienetan parte hartu. Horregaz batera, familiekin harreman estua mantentzea ezinbestekoa zela bagenekien. Haien laguntza izan dugu beti, baita udalarena eta herriko gazteena ere. Beti eduki dugu laguntasuna. Gainera, azken urteetan, ondoko herrietakoak hasi dira etortzen. Gure proiektua gustatu zaie, eta Ibarrangeluko eta Elantxobeko umeak hona datoz.
Gainera, auzotarrekin harreman berezia daukazue.
Herriagaz eta herritarrekin harreman zuzena dugu. Esaterako, inguruko baserritar bat hurbilduz gero antxume batzuk jaio zaizkiola eta ea ikusten joango garen esanez, joango gara. Eskolako ortuan auzotarren laguntza daukagu, eta zaharren egoitzara ere bisitan joaten gara. Gure asmoa da herrian dauden gauzak balorean ipintzea; hori ezinbestekoa da guretzat. Umeek ez badute ezagutzen inguruan dutena, zelan maitatuko dute gero herria? Umeen barre algararik ez badago, herria hilda dago. Joan den barikuan 500 umek izugarrizko zarata sortu zuten, eta zein pozik egon ziren herriko zahar denak haien barre algarak entzuten.