Ipuinak nola kontatu irakatsiko du Pello Añorgak
Ipuinak kontatzeko teknikak ikasteko eta barneratzeko aukera izango dute muxikarrek bariku honetan, eta baita hurrengoan ere. Muxikako Udalak antolatuta, bi tailer emango ditu Pello Añorga ipuin kontalari eta idazleak. Oiartzuarrak umeei zuzendutako ipuinak kontatzen eskarmentua du, baita haurrentzako literaturan ere.
Gaur eta hurrengo astean –hilaren 20an– Muxikan izango da Añorga, eta bi orduko tailerrak emango ditu, 18:00etatik 20:00etara.
Udalak jakinarazi duenez, guraso, amuma-aittitte, haurtzandegiko hezitzaile zein haur hezkuntzako iraskaslei zuzendutako ekimena da, hain zuzen ere.
Tailerrak Zubieta Errota udal liburutegian emango dituzte, eta doakoak izango dira. Muxikako Udalak jakitera eman duenez, ikastaroak alde praktikoa eta teorikoa izango ditu.
Haur eta gazte literatura lantzen du Añorgak. Magisteritza ikasketak burutu zituen Donostian. Oiartzungo ikastolan jardun zuen 1986 urtera arte. Geroztik, buru belarri murgildu zen ipuin-kontaketan, lan hori haurrentzako liburuen idazle lanarekin uztartuz.