Auzitegi Gorenak 2014.urteko ekainean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziari Bermeoko Udalak eta Bermeo Elder Etxegintzak jarritako kasazio helegitea gutxietsi zuen urtarrilean. Hala, Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko (HAPO) 26.1 unitatea baliogabetu zuen Gorenak. San Migel auzoko lurzoru hori hiri-lurra zela zehazten da HAPOn. Epaileak, baina, hiri-lurra izateko baldintzak betetzen ez dituela eta, aipatu lurzorua urbanizagarria dela ebatzi du. Epaia bete aldera, Bermeoko udal gobernuak lurzoru hori urbanizagarri bihurtzeko proiektu bat aurkeztu du osoko bilkuran, hasierako onarpena izan dadin. EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin egin du aurrera proiektuak; Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) eta Izartu Bermeok, berriz, kontra bozkatu dute.
San Migelen eraikitzen ari diren etxebizitzak
«Eginda dagoena eginda dago. Baina, aurrerantzean, herriari zein eraikin horretan etxebizitza bat erosi duten 16 familiei ahalik-eta kalte gutxien eragiteko proiektua da», azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek; izan ere, lurzoru horretan, hamasei etxebizitza eraikitzen ari dira: sei tasatu eta hamar libre. Etxebizitza horiek egiteko lanak geldik daude martxotik, «sententzia irmoa» delako eta plan orokorrean gune hori ezeztatuta geratu delako. Antolaketa berria izapidetu arte, «zuhurrena» dela uste dute: «Salatzaileak obrak arinago lotzeko eskaria egin zuen epaitegian. Epaitegiak, baina, ez zuen horrelako neurririk eskatu, eta udalak ez du lanok lotzeko arrazoirik eduki».
Lurzorua urbanizagarri bihurtzeko proiektuak aurreikusten duen aldaketa nagusia honakoa dela dio Bidegurenek: «Lehengo HAPOn, 4.100 metro koadrotan, gutxi gorabehera 35 etxebizitza egiteko aukera egon bazen, orain, etxebizitza libre modura 1.900 metro kuadro inguru egin ahalko dira, beraz, 18 etxebizitza egiteko aukera ematen du. Babes publikoko etxebizitzarik, bestalde, lehengo HAPOk ez zuen aurreikusten; orain, berriz, 1.000 metro koadro egiteko aukera ematen du. Etxebizitza tasatuak eta lokalak egiteko metro koadroak antzera geratzen dira».
Hirigintza politika berria
Guzaneko bi zinegotziek proiektuaren alde bozkatu dute. Diotenez, «herri interesak aurretik jarri dituzte». Hala ere, herriko hirigintza politikak aldaketa «sakonak» behar dituela uste dute. Horregatik, aldaketa hori eman ahal izateko
25 proposamen jarri dituzte mahai gainean. Besteren artean, etxe hutsen errolda bat egitea, alokairu soziala bultzatzea eta Beruala etxebizitzen kudeaketaz arduratuko den erakunde publikoa izatea eskatu dute.
Guzanek aurkeztutako proposamenak «eraikitzaileak» direla dio alkateak, eta EH Bilduk defendatzen dituen ideia eta ekimenekin bat datozela azaldu du. Beraz, proposamenak onartu egin dituzte.
«Ez du sententzia betetzen»
Jeltzaleek ere EAEko Auzitegi Nagusiak 2014ko ekainean emandako sententzia betetzeko bi alternatiba aurkeztu dituzte. Azaldu dutenez, legea beteta, herritarrak ahalik-eta gutxien kaltetuz eta beharrezkoak diren aldaketak eginda, egungo eraikina mantentzea izan dute helburu aurkeztutako alternatibekin.
Alternatiba batek 26.1 unitatea, hau da, San Migel auziko lurzorua, 22. unitatearen barruan sartzea proposatzen zuen. Sententziak eskatutakoa «osorik» beteko litzatekeela uste dute. Hala ere, irtenbide hori gauzatzeko denbora luzea beharko litzatekeela ikusita, bigarren alternatiba bat proposatu zuten: 26.1 unitatea mantendu, baina «epaileak bidegabe eta neurrigabetzat jo duen babespeko etxebizitzen transferentzia baliogabetzea». Izan ere, , EAJren arabera, EH Bilduk aurkeztu duen proi- ektuak ez du sententziak eskatutakoa betetzen: «Etxebizitza publikoen transferentzia mantentzen dute 22. unitatera, eta sententziak etxebizitza publikoen eraikigarritasuna 22. unitatera pasatzea bidegabea zela esaten zuen». Era berean, jeltzaleek 22. unitatean dauden desorekak konpontzeko izapideak hastea eskatzen zuten proposamenean.
Osoko bilkurak hasierako onarpena eman dion proiektuagaz, «eraikina botatzeko arrisku handia» dagoela uste dute. «Epe laburrean, beste hainbat salaketa ziurtatuta daude», diote.
Bestalde, prozedura aldetik ere, epaileak gobernu taldeak egin duen izapidea «baliogabe» utzi ahal duela uste dute: «Gainontzeko talde politikoekin kontsultatu barik, arkitekto bat kontratatu zuten. Izapide hauek egiteko legeak ezartzen dituen pausoak ez dituzte bete».
Bermeoko alkatearen arabera, «HAPOk eta legeak baimendu egiten dute babes publikoko etxebizitzak unitate batetik bestera mugitzea; gauza da, portzentaia betetzea. Gauzak horrela izan arren, egia da epaileak sententzian aipatu egiten duela tranferentzia hori ez dela egokiena eta desberdintasunak sortzen dituela. Bere iritziz, neurrira antolatutako hirigintza da. Bere iritzia eman arren, epaileak ez darama neurri hori sententziara».
Dioenez, batzar askotan aipatu dute neurri hori «bidegabea» dela. Hala ere, «bidegabekeria» beste unitate batzuetan ere egin izan dela azaldu du alkateak, «eta ez bakarrik 26.1 unitatean». Neurri horrek, gainera, eragin handia izango lukeela dio: «Lau etxebizitza libre, hiru babestu eta tasatu batean bihurtu beharko lirateke; hortaz, lau erosle etxebizitzarik barik geldituko lirateke. Bidegabekeri bat beste bidegabekeri bategaz konpontzea ez da bidea».
«Legezko» lizentzia
Eraikinaren lizentziaz ere azalpenak eman ditu alkateak, eta legea betez eman dela esan du: «Ez ematea izango litzateke legez kontrakoa, eta erantzukizuna eta indemnizatze eskubideak sortuko lituzke». Are gehiago, adierazi duenez, lizentzia tramitatu orduko gune horren errepartzelazioaren eta urbanizazioaren proiektua eta hitzarmena aho batez onartu zuten EAJk eta Bilduk 2013an. «Osoko bilkura hartan salaketa jarri duen pertsonaren alegazioak ezeztatu ziren EAJ eta Bilduren aldeko botoekin». Gune hori ahalik-eta arinen antolatu behar dela dio, «kalte gutxien egiteko eta hamasei familiek erosi dituzten etxebizitzak ez botatzeko». Beraz, garrantzitsua da epaileari sententzia beteko dutela erakustea.