Hainbat eragilegaz elkarlanean, Bermeoko udalak
Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina abiarazi du. Aipatu kanpainaren bitartez honakoak lortu gura dituzte: herritarren artean euskararen prestigioa hobetu, euskaldun izatearen abantailak gizarteratu, herritarrek euskararen erabileraren galeraren kontzientzia hartzea, jokaera kontzienteak piztea eta adin guztietako herritarrak sentsibilizatzea.
Juan Karlos Agirre euskara zinegotziak azaldu duenez, «Bermeoko Udalak euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egin du, eta herrian
euskara gaitasun handia dagoela ondorioztatu dugu. Hala ere,
euskararen erabilera ez dator bat gaitasunagaz, eta espero daitekeenaren azpitik gaudela nabaritu dugu». Hala, euskararen erabilera «
beheranzko joeran» dagoela diote, «adin guztietako herritarretan».
Galera horri galga jartzeko «premia ikusi» dutela adierazi du euskara teknikari Maite Alvarezek: «Euskara Sailaren bitartez, gizarte-sektore askorekin lanean ari gara, sektore bakoitzak berea ezagutzen baitu. Orain, baina, sektoreka egindako lan horri
sentsibilizazio lan orokorra gehitu gura diogu».
Geuk eus kanpaina martxan da jada. Kanpainaren prestakuntza lanetan parte hartu duten
bost bermeotar ezagunen hitzetan entzun ahalko da egunotan, zeintzuk diren euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak.
Oizmendi telebistan eta
Itsuki Irratian zabalduko dituzte mezuak, eta asteburuetan
zineman ere jarriko dituzte.
Bestalde, kanpainak bere
abestia ere edukiko du; lanean ari dira.
Lore Barrena bertsolari bermeotarrak jarriko dio
hitza abestiari. Ondoren, Bermeoko
hainbat musika taldek parte hartuko dute proiektuan. Musika estilo ezberdinak uztartuko dituztela azaldu dute, eta
udarako prest eduki gura dute.
Herriko ostalariak ere parte hartzen ari dira kanpainan; batetik, Geuk eus logoa izango dute establezimenduetan, eta bestetik, kanpainako logoa daukaten ahozapiak erabiliko dituzte. Momentuz, 34 tabernek parte hartzen dute, hala ere, gehiago animatzea espero dutela esan du Alvarezek.
300 argazki, 100 bideo
Bermeoko Arrain Azokan presente egongo da kanpaina. Bereziki, kanpainarako egindako
karpa bat jarriko dute, Lameran.
Barruan, herritarrek, bideoak grabatzeko aukera izango dute; euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak azaltzeko aukera izango dute.
Kanpoan, berriz, argazkiak atera ahalko dituzte, photocall batean. Helburua, 100 bideo eta 300 argazki ateratzea da. Jakinarazi dutenez, argazkiekin, herriko orube batean hormairudi bat egitea da asmoa.
Kanpaina hasi besterik ez dela egin azaldu dute; izan ere,
epe luzerako kanpaina diseinatzen ari dira. Hala, herritarrak animatzen dituzte parte hartzera.
Kanpainaren bitartez, «euskaraz bizi gura dugula eta euskaraz bizitzeko arrazoiak baditugula» helarazi gura dute, «Bermeon euskaraz badakigulako».