Arrakasta handiz ospatu da Euskadiko Solasaldi Dialogikoen Lekeitioko Topaketa
Udalerri ezberdinetako ia 200 irakurzalek hartu dute parte. Mertxe Arrizubieta zinegotziak eta Miren Agur Meabe idazleak eman zioten hasiera ekitaldiariIa 200 lagun batu ditu Lekeitioko eskola publikoak antolatutako Euskadiko Solasaldi Dialogikoen V. T...
Udalerri ezberdinetako ia 200 irakurzalek hartu dute parte. Mertxe Arrizubieta zinegotziak eta Miren Agur Meabe idazleak eman zioten hasiera ekitaldiari
Ia 200 lagun batu ditu Lekeitioko eskola publikoak antolatutako Euskadiko Solasaldi Dialogikoen V. Topaketak. Joan den zapatuan ospatu zuten ekitaldia Euskal Herriko udalerri ezberdinetatik etorritako irakurzaleek, Ikusgarri aretoan eta eskolan bertan.Mertxe Arrizubieta Lekeitioko Udaleko zinegotziak eman zien ongietorria parte hartzaileei, eta Miren Agur Meabe idazle ezagunaren euskal literaturari lotutako harrera literarioa izan zuten ondoren. Udalerri ezberdinetako esperientziak ezagutzeko aukera ere eduki zuten jarraian. Euren solasaldiak zelakoak izaten diren azaldu zuten Galdakao, Bermeo, Urola Kosta, Gasteiz, Markina-Xemein eta Lekeitioko ordezkariek Ikusgarri aretoan.
Eskolan bertan hamaiketakoa eginda, hogei laguneko taldeetan banatu ziren solasean jarduteko. Cervantes orain dela 400 urte hil zela eta, solasaldirako hark idatzitako testu bat aukeratu zuten, guztien artean aztertzeko. Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal bertsolarien agurragaz amaitu zen ekitaldia, eskolako frontoian.
Zabalik
Solasaldi literarioetara batu ziren asko bazkaltzera ere geratu ziren Lekeition. Jubilatuen etxean elkartu ziren nahi zuten guztiak, bazkaltzeko. 130 lagunek jatordu atseginagaz gozatu zuten, giro onean, eta bazkalostean bisita gidatu bi izan zituzten.
Urteak dira irakurzale talde bat Lekeitioko eskolan batzen dela, irakurketagaz gozatu eta guztien artean irakurritakoaz hitz egiteko. Solasaldiak herritar guztiei zabalik daude, eta nahi duen edonork parte har dezakeela gogora ekarri dute Lekeitioko Tertulia Taldeko kideek, gonbitea luzatuz.