Ibon Meñikak gaur aurkeztu behar du epailearen aurrean
«ETAren espetxe frontea» osatzea leporatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan behar izan zuen atzo Kepa Mantzizidor abokatu mundakarrak, beste hainbat kidegaz batera. Gaur Herrira-ko kideek joan behar dute; tartean, Ibon Meñika Gern...
Apirilaren 22an izan zuten Mantzizidorrek, Meñikak eta auzipetutako gainontzeko 45 lagunek Eloy Velasco epaileak hartutako erabakiaren berri. Euskal presoen eskubideen alde aritzeagatik zigortu nahi dituztela uste dute, eta lan horretan jardun direnak 11/2013 sumarioan bildu dituela Velascok.
Abokatuak, Etxerat-eko kideak, Jaiki Hadi taldekoak eta Herrira-koak daude auzipetuen artean. Auzipetze autoa eman zien atzo Velasco epaileak, eta akusazioen inguruko galderak egin. Auzipetuek, baina, akusazioak ukatu eta deklaratzeari uko egin zioten atzo.
Auzitegira sartu aurretik adierazpenak egin zituen atzo Amaia Izko abokatuak. Haren esanetan, auzi horren oinarrian «mendekua» dago, «presoen eskubide eta giza eskubideen alde urteetan egin dugun lanagatik».
Goioaga, Gorenaren esku
Auziak presoen egoeraren salaketa geldiarazi nahi duela uste du Izkok, baina ez dutela lortuko. «Estatuak eta Guardia Zibilak konponbide agertokiaren kontra eta, ondorioz, bakearen kontra egindako erasoak izan dira sumario honetan dauden operatiboak», esan zuen Izkok. «Horregatik jo zuten Herrira-ren kontra, eta horregatik egin zuten EPPKren kontra ere, hura konponbidearen alde agertu zen momentuan».
Munitibarko bizilagun Iñaki Goioaga abokatua ere sumario horretan auzipetu dute, baina Madrilen Amaiur koalizioaren senataria denez, aforatu izaera dauka, eta haren auzipetzea, horrenbestez, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago.
Apirilean erabaki zuen Gorenak Goioaga ere auzipetzea, «ETAren aginduetara aritzen zen abokatuen taldekoa» dela iritzita. Kartzela saihesteko, 6.000 euroko bermea jarri zion epaileak, pasaportea kendu eta hilabete bakoitzeko 1ean eta 15ean etxetik gertuen duen auzitegian aurkeztu behar du.