Idazlan Koadernoen hamabostgarren saioa izango da aurtengoa
Hiribilduko zentroetako ikasleek egindako idazlanekin egindako
bi liburuxkak aurkeztuko dituzte datorren
astelehenean, Lehen hezkuntzako ikasleak, eta
martitzenean Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleen kasuan. Irakurketa ekitaldiok
Lizeo Antzokian izango dira goizeko 11:00etan, sarrera librearekin. Antolatzaileek gonbite berezia egin diete familiartekoei, “euren inplikazioa lantzeko asmoz”.
Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratu ditu, ziklo bakoitzeko bi, eta LHkoen liburuan 30 ikasleren idazlanak jaso dira,
eskuz eurek idatzitako moduan eta jatorrizko marrazkien folio formatuan. DBH eta Batxilergoko mailakoen argitalpenean beste 30 idazlan joango dira.
Aurkeztuko diren liburuxka bien
portada lehiaketa ere gin dute. Jon Asla Urrtiaren irudia joango da LHko idazlanen portadan, eta Asier Ortuzar Andresena DBH eta Batxilergoko liburuxkan.
Idazlan koadernoen
helburua da gazteen artean idazmena lantzea eta irakurketa sustatzea, euskara sendotzea delarik xede nagusia. Ikasleen gizarteratze prozesua euskaraz garatzeko baldintzak ere finkatu nahi dira.
Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik egindako egitasmo honek, 10.500 euroko diru partida dauka. Diru honetatik idazle gazteek parte bat jasoko dute, bono gisa, herriko liburu-dendetan erosketak egin ahal izateko. Beste guztia antolaketarako eta liburuak argitaratzeko zuzenduko da.