Parte hartu, erabakitzeko
Hilabete barru, ekainaren 5ean egingo du Ispasterko Gure Esku Dagok galdeketa, Geuk erabaki lelopean. Abestia ere prestatu dute, eta haren bideoklipa grabatuko dute laster.Ekainaren 5a egutegian gorriz markatuta dute iaztik ispastertarrek. Udalerriko G...
Hilabete barru, ekainaren 5ean egingo du Ispasterko Gure Esku Dagok galdeketa, Geuk erabaki lelopean. Abestia ere prestatu dute, eta haren bideoklipa grabatuko dute laster.
Ekainaren 5a egutegian gorriz markatuta dute iaztik ispastertarrek. Udalerriko Gure Esku Dagoren kideak egun horretako herri galdeketa prestatzeko lanetan dabiltza burubelarri.Nahi al duzu Euskal Estatu soberano bateko herritarra izan? Horixe da elkarregaz adostu duten galdera, eta herritarrek itaun horri erantzun beharko diote hilabeteren buruan.
Galdera zehaztu dute, eta hurrengo pausoa, egunotan Herrizango Sailera galdeketa egiteko eskabidea bideratzea izango da.
Irkusne Garate, Joseba Hildago eta Joseba Galletebeitia Ispasterko Gure Esku Dagoren Batzorde Sustatzaileko kideak dira. Azken egun eta asteak ezbaian pasatu dituzte, Espainiako Gorteetako hauteskudeen ondorioz galdeketa kolokan egon zitekeen edo ez; ez baitzegoen argi: «Hauteskunde kanpainan ezin dira galdeketak egin, eta gurea aurre-kanpainan izango denez, azken ordura arte ez dugu jakin egin ahalko genuen. Hala ere, guk hilaren 5era begira egin ditugu gauza guztiak. Baina Gure Esku Dago orokorreko kideek zer esango ziguten zain egon gara orain arte, badaezpada ere».
Asteon hartu dute erabakia, eta ekainaren 19koak eta 12koak ere aurreratu egingo dituztela jakitera eman dute. Hortaz, Ispasterregaz batera, Diman, Bakaikun (Nafarroa), Azpeitian, Debagoienan eta Goierrin (Gipuzkoa) ere egingo dituzte galdeketak.
«Beraz, printzipioz ekainaren 5ean egingo dugu, hasiera batean hori esan genuen eta. Norbaitek kontrakoa esan arte, inongo debeku ofizialik izan arte, bere horretan mantenduko gara», zehaztu du Garatek.
Batzorde sustatzailea sortzea beharrezkoa zen galdeketa egiteko: «Batzorde Sustatzailearen lana da galdeketako protokolo guztia ondo bete dela ziurtatzea. Sinadura bilketa dena ondo egin dela bermatu, aktak bete eta antzeko gauzak egin behar ditugu Batzorde Sustatzaileko kideok».
Ispasterko Gure Esku Dagoko kideak astelehenero batzen dira. Herritarrekin batera, udalerriko bi alderdi politiko nagusietako kideak daude taldean.
Parte hartzea helburu
Galdeketagaz lotuta kanta bat ere sortu dute: Geuk erabaki. Izan ere, horixe da galdeketara begira Ispasterko Gure Esku Dagok hartu duen leloa. Abestiaren bideoklipa ere egingo dute. Hilaren 15 eguerdian grabatuko dute, eta horretarako ahalik-eta herritar gehienen parte hartzea lortu nahi dute.
«Testua nik egin dut, eta Lekeitioko Ileon taldeko Kanak hartu du musika jartzearen ardura. Kantari azken ukituak ematen ari dira», dio Garatek.
Herritarren parte hartzea ezinbestekoa delako, ekainaren 5ean egingo duten galdera zehazteko herritarrekin egin zuten batzarra apirilaren 22an. Proposamen moduan eraman zuten aipatu galdera, eta ekarpenak eta proposamenak jasotzeko asmoz egin zuten deialdia.
Beste herrialde batzuetan erabilitako galderak erakutsi zituzten batzarrean, eredu desberdinak, jendeak ideiak hartzeko. «Protokoloan bertan agertzen dira lehenago egindakoak, Katalunian, Bosnian, Montenegron, Etxarri-Aranatzen, Arrankudiagan… Azkenean aukeratu duguna Arrankudiagako, Dimako eta Goierriko bera da; pentsatzen dut letraz letra dela haien berdina».
Ez zen egon kontrako iritzirik, eta, beraz, azkar adostu zuten galdera. «Galdera sinplea da, ulertzeko erraza eta zabala, jende asko batu lezakeena», zehaztu du Galletebeitiak.
Helburua jendeak parte hartzea dela nabamendu dute, ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Herritarrak «protagonista» izatea. «Galderak badauka bere garrantzia, baina uste dugu garrantzia handiena duena parte hartzea dela, erantzun bat ematea, eta erakustea galdeketa egin daitekeela, askatasun osoz».
Protokoloa zehatz bete dute. Lehenengo pausoa elkartea sortzea izan zen, gero galdeketa egitea erabakitzea, sinadurak batzea eta beharrezko diren sinadurak bildu direla ziurtatzea. Dena aktetan jasotzea beharrezkoa da, eta hala egin dute.
Sinadura bilketari dagokioenez, biztanleen %15aren parte hartzea eskatzen da aurrera jarraitzeko, eta Ispasterren 130 sinaduratik gora bildu zituzten 700 bat biztanle ditu gaur egun. «Sinadurak jaso ostean erabaki genuen galdera pentsatzea; beste batzuek alderantziz egin dute».
Sinadura horiek ziurtagiri bategaz suntsitu behar dira. «Datu Babeserako legeak eskaten dituen baldintza guztiak bete behar dira», zehaztu du Hildagok.
Bestalde, bolondresak, begiraleak, jarraipen batzordea eta berme batzordea ere behar dira galdeketa egiteko. «Seguruenik begiraleak eta berme batzordea kanpotik ekarriko ditugu. Haiek ziurtatu beharko dute dena behar bezala eginda dagoela».
Boluntario batzuk badituzte, baina gehiago beharko dituztela diote. Izan ere, hautes-mahaietan egoteko ez ezik, egunean bertan egingo dituzten ekitaldietarako ere laguntza beharko dute.
Hilabete honetan, data urreratu ahala, auzoz auzo eskuorriak banatzen ariko dira, eta hurbileko jendea nahi dute horretarako: «Etxez etxe herritarrekin berba egiteko asmoa dugu, horregatik, bai egunean bertan bai eta aurretik ere auzo guztietako herritarrak bolondres izatea nahi dugu, ezagunak izateko, gertukoagoak izateko».
Ekainaren 5ean jai giroa nagusi izatea nahi dute, egun berezia izatea. Eta galdeketarako zein eguneko ekintzetarako prestaketetan dabiltza egunotan.
Herritarren arteko herri kirol probak lotzen ari dira, musika talde edo txarangaren bat ere eraman nahi dute… Hauteskundeetako ordutegia eduki arren, ez dute halako egun normal bat izatea nahi, herria girotu nahi dute, eta denen artean egun ederra pasatzea: «Giroaz gain, parte hartzea da guri interesatzen zaiguna. Herrian jendea egotea eta parte hartzera animatzea. Iazko ekainaren 21ean San Mamesen eman genuen hitza beteko dugu», azpimarratu du Hildagok.