Kontatzeko asko daukate, eta dakitena ez dute ahanzturan geratzea nahi. Horretarako batzen da Ipuin Lapiko. Bermeoko kontuak eta kantuak, etxean zein lagunartean esaten zirenak, berriro ere ahora ekarri eta erakutsi gura dituzte, betiere, berba eginez.
Ipuin Lapiko egitasmoan parte hartzen duen lagun taldea.
Norberaren bizipenak kontatzeko batzen dira ia martitzenero, Bermeoko udal liburutegiko hirugarren solairuan, 18:00etatik 20:00etara. Sei urte daramatzate lanean eta bost edo sei lagun inguruk parte hartzen dute. Hala ere, taldea zabaldu gurako lukete beste talde bat sortzeko asmoz; horregaitik, gonbidapena luzatu diete herritarrei. Era horretan, herritarren batek parte hartu gurako balu, Bermeoko Udaleko Euskara Sailagaz harremanetan jarri beharko litzatekeela azaldu dute.
Ahozko transmisioa familia gehienetan apurtuta dagoela dio Itziar Rekalde ekimeneko gidariak, eta transmisioaren kate hori berreskuratzea da Ipuin Lapiko ekimenaren ardatz nagusietako bat. Ahozko adierazpena, orokorrean gizartean, «krisian» dagoela uste du Rekaldek: «Jendeak ez du ez berbarik egiten, ezta entzuten ere, eta eskoletako heziketa kurrikulumetan ere ez dute hori kontuan hartzen».
Kontzientzia hartzea
Diotenez, egun, 55 urte inguru dituztenek –transmisore izan behar dutenek– galdu egin dute ahozko transmisioaren kontzientzia. Hala, «egungo gurasoek ez dutenez ahozkotasunaren transmisioa jaso, ez daukate zer transmititu. Gauzak horrela, kokapenaren kontua eta transmisio emozionala galtzear daude».
Ikasleen inplikazioa beharrezkoa dela diote, bai eta irakasleena ere
Proiektu honen bitartez, lehenik eta behin, ahozko transmisizioaren beharraz kontzientzia hartzea gura dute, eta ondoren, transmizio kate hori ez etetzea.
Ipuin Lapikoko parte hartzaileek, gainera, herriko ikastetxeetako ikasleekin ere batzen dira, 11-12 urte bitartekoekin. Ordu eta laurdeneko saioetan, bizipenak trukatzen dituzte. Ikasleak, baina, «modu aktiboan» parte hartzea gura dute. Horregatik, gaika banatuta, umeek euren etxeetara galdetegi bat eroaten dute: «Era horretan, euren gurasoekin harremanetan jartzen dira, ondoren eskolan kontatzeko». Ikasleak inplikatzea beharrezkoa dela diote, eta irakasleen inplikazioa ere badakar, «eta garrantzitsua da, gainera».
Ipuin Lapikoko parte hartzaileek, berriz, euren bizipenak kontatzen dizkiete ikasleei. Batez ere, umetan zelakoak ziren, etxeetan edukitzen zituzten tresnak, dendak zelakoak ziren, itsasora zelan eta zenbat urtegaz joaten ziren, edota euren sasoiko jolasak, eskoletako kontuak azaltzen dizkiete. Hain zuzen ere, taldekideen bizipenetatik ipuinetara salto egiten dute; bizipen horiek kontakizun bilakatu baitituzte ikasleei kontatzeko.
Ikasleak sarritan «harrituta» geratzen direla diote. «Zortzi urtegaz eskola utzi behar izan nuela azaltzen diet», dio parte hartzaileetako batek, «eta zortea izan nuela esaten didate».
Ikasleengandik, berriz, asko ikasi dutela diote, bai eta horiekin asko disfrutatu ere. «Ume asko daude ipuinak kontatzen trebeak direnak, eta aukera eman behar zaie», diote taldekideek.
Ikastetxeetatik, gainera, gauza politak atera dituztela azaltzen dute; izan ere, gaur egun, herrialde desberdinetako umeak baitaude geletan. «Oso aberatsa» da bakoitzak bere etxeetatik kontuak ekartzea, «gauza asko modu desberdinetara bizitzen dira, baina beste asko ez. Ijitoen, sahararren, errumaniarren, txinatarren…istorioak ezagutzeko aukera eduki dugu».
Ipuin klasikoen egituretan bizipenak sartu eta alegiak sortu dituzte
Diotenez, beharrizan bat da norbera nor den eta nondik datorren jakitea. Horrela, bizitza «arruntak garrantzitsu» bilakatzen direla uste dute: «Kontzientzia hartzen duzunean, egiten duzunaz harro sentitzen zara, eta kontatu behar dela ikusten duzu. Bizipenak garrantzitsuak direlako».
Lehen, ahozko transmisioaren bitartez sortzen ziren ipuinak; gaur egun, berriz, beste bitarteko batzuk daude: «Aho batetik bestera eta urte batetik bestera, gainera, istorioak eraldatu egiten ziren, eta ipuin bihurtu; baina beti edukitzen zuten oinarri bat, eta horregatik irauten dute horrenbeste urte. Funtsezkoak dira, gainera, norberaren garapenerako».
Ipuin Lapiko taldekoek, hortaz, ipuin klasikoen egiturak hartuta, euren umetako denboretako bizipenak sartu eta alegiak sortu dituzte. «Astiro goaz horiek egiten, eta badauzkagu sei inguru», diote.
Dokumentazioa, argazkiak, lekukotasunak… Erdi Arotik gaur egun arte gordeta daude. Gorde barik, baina, «guk erabili beharra daukagu». Hortaz, taldean grabazioak egiten dituztela diote, baina bilakaera ikusteko soilik, «guk ahoz egiten dugu dena». Egitasmoaren helburua ahozkoari garrantzia ematea dela aipatzen dute, «hortaz, guk ahozko transmisioan ez badugu sinisten, zertarako gaude transmisioaren inguruko lan bat egiten? Gainontzekoa badago, hau baino ez da falta». Gordetzea beharrezkoa dela uste dute, «baina horretarako badaude historialariak, etnografoak, antropologoak…».
Adibide batzuk
Bermeoko portuan abestian kontatzen direnak, esaterako, benetako istorioak eta pertsonaiak dira: «Zergatik ezagutzen dugu? Belaunaldi batetik bestera zabaldu delako».
Herri gehienek pertsonaia bitxiak dituzte, eta horiek gizartearentzako «garrantzitsuak» direla diote. Hala, Bermeon,
Otxito eta
Mamala aipatzen dituzte. Horien inguruko istoriorik ez da falta, eta batek gauza bat esan, besteak beste bat, herriko kondairak osatzen dituzte. Egitasmoa «aberasgarria» da taldekideentzako, eta bata bestearengandik asko ikasi dutela diote.