Kortezubiko kobazuloan pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrena dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur eman dute prentsaurrekoa Bilbon, eta bertan izan dira Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatua eta Kortezubiko alkate Ibon Legarza. Azaldu dutenez, urrira bitartean, jardunaldiak, erakusketak, tailerrak eta bestelako ekimenak izango dira. Lorea Bilbaok azaldu duenez, “Santimamiñe Euskal Herriko arkeologiaren erreferentziako aztarnategia izan da XX. mendearen zatirik handienean. Bizkaiko Foru Aldundiak jakin badaki zein den bere garrantzia eta ikerketa-lanak finantzatu ditu. Azken finean, gure talde-oroimenean sakontzera garamatzan ezagutzaren sorkuntza sustatu du”.
Maiatzaren 14an, Museoen Nazioarteko Eguna dela-eta,
Santimamiñeko Museoen Gaua egingo dute. Erakusketa jartzeaz gain, bisita gidatua ere egingo dute. Maiatzaren 15ean, aldiz, animazioarekin bisita bereziak egingo dituzte; gainera, kobara sarrera doanekoa izango da.
Espeleologia eta Ondare Kulturaleko II. Jardunaldia egingo dute hilaren 28an. Hain zuzen, kultur ondareari lotutako aurkikuntzak emango dituzte ezagutzera. Halaber, esplorazio espeleologikoa, ikerkuntza arkeologikoa eta arte paleolitikoari buruzko hitzaldiak emango dituzte. Horri amaiera emateko grabatu paleolitikoak identifikatzeko tailer praktikoa egingo dute espeleologoentzat eta artearen arloko adituentzat.
Igandero tailerra
Ekainari begira, igande guztietan familientzako
Artistak Historiaurrean tailerra egingo dute. Aipatzekoa da ekainaren 12an sorkuntza tailerra egingo dutela Santimamiñen:
Zer da ebakidura estratigrafiko bat?. Tailerrak 11:30ean hasiko dira.
Ekaineko azken bi zapatuetarako ere egitarau betea dakar Foru Aldundiak. Ekainaren 18an, 10:30ean, Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoak
Esku hartze berriak Santimamiñen: aurkikuntza gertatu eta 100 urtera hitzaldia emango du Kortezubiko udaletxean eta, ostean, koba eta inguruak ikusteko bisitaldi gidatua egingo du, azken ikerkuntzak ezagutzera emateko. Hilaren 25ean, berriz, 10:30etan
Santimamiñe 2016: kudeaketa ebaluagarri eta jasangarriko ereduaren bila jardunaldia burutuko dute Gernikako Euskal Herria Museoan. 10:30ean hasiko da. Arratsaldean, 16:00etan, bisitaldi gidatua egingo du Quintanak, Santimamiñen.
Halaber, kudeaketaren, ingurumeneko azterlanaren eta azterlan arkeologiko eta artistikoaren arduradunen hitzaldiak egingo dituzte ekainean.
Uztailari dagokionez, uztailaren 10ean eta 23an egingo dituzte ekimenak. Uztailaren 10ean
Santimamiñe zentzumenen bidez tailerra egingo dute, 12:00etan; eta 23rako ekintza eta aukera askoko jardunaldia antolatu dute.
Santimamiñe, 100 urte ondareaz gozatuz izenburupean, 12:00etan hasi eta gauera artean hainbat ekimen izango dira: zinea koban, bisita gidatuak, umeentzako
Kobaren bila arrastoen jokoa eta
Historiaurreko soinuak kontzertua, besteak beste.
Abuztua umeei zuzendutako hilabetea izango da abuztua, eta urrian emango diote amaiera programazioari.