EH Bilduk esan du Auzitegi Nagusiaren epaia BUPen interesen kontrakoa dela
Koalizioaren esanetan, sententzia onartzeak ondorioak ekar ditzake. EAJk dio ez duela helegiterik jarriko, eta EH Bilduren aurka neurri legalak hartzea aztertzen ari daBusturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) langileen «kaleratze desegokiagatik» ELA sindi...
Koalizioaren esanetan, sententzia onartzeak ondorioak ekar ditzake. EAJk dio ez duela helegiterik jarriko, eta EH Bilduren aurka neurri legalak hartzea aztertzen ari da
Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) langileen «kaleratze desegokiagatik» ELA sindikatuak jarritako helegitearen ebazpena eman du EAEko Auzitegi Nagusiak orain aste batzuk. Sententziak Aquarbe enpresa eta BUP egin ditu kaleratzeen arduradun.Epai horri helegiterik ez jartzea erabaki du Partzuergoko zuzendaritzan buru den Eusko Alderdi Jeltzaleak. Prentsa oha- rrean azaldu duenez, gainera, EH Bilduren zuzendaritzaren aurkako neurri legalak hartzea eta kalte ordainak eskatzea aztertzen ari dira jeltzaleak.
Busturialdeko EH Bilduk, bere aldetik, EAJren erabakia arbuiatu du. Prentsaurrekoa eman zuen atzo Bermeon, eta, koalizioaren iritziz, EAEko Auzitegi Nagusiren epaia onartzea Partzuergoen interesen kontrakoa da. Eako alkate eta Partzuergoko presidente ohi Iratxe Arriolaren esanetan, «teknikoki eta profesionalki defendatu ezin daitekeen erabaki bat» hartu du EAJk, «ondorioei erreparatu gabe».
Subrogazioa
Hala, EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoaren kontrako erabaki bati men egin diola esan zuen Arriolak.
Gaur egun EAJk du gehiengoa BUPeko zuzendaritza batzordean, eta ELA sindikatuak Aquarbe enpresaren zein BUPen kontra jarritako salaketaren harira EAEko Auzitegi Nagusiak eman duen epaiari helegitea ez jartzeak ondorioak ekarriko dituela uste du Busturialdeko EH Bilduk. Jurisprudentziaren aldetik, erabakia irmoa izango delako; eta arlo ekonomikoari dagokionez, herritarren dirua «xahutzea» ekar dezakeelako.
2013an erabaki zuen BUPek lanpostuak publiko bihurtzea, zuzendaritza EH Bilduren esku zegoela. Erabaki zein prozesuaren kontra salaketak aurkeztu zituzten ELAk eta Aquarbe enpresak (lehen Aquagest). Orain arte emandako sententziak, baina, Partzuergoaren aldekoak izan dira, lanpostuak publiko bihurtzeko prozesua modu egokian egin dela esanez. «Lanpostu horiek ezin zitezkeela subrogatu esan ziguten bai Partzuergoko teknikari zein abokatuek; eta horien aholkuak jarraituta lan egin izan dugu beti», azaldu zuen atzo Iratxe Arriolak.
Gainera, gogoratu zuen Aquarbek berak kaleratu zituela zazpi langileak, «ez Partzuergoak». Busturialdeko Ur Partzuergoan lan egiten zuten langileetatik hamarrek lanpostu publikorako azterketa gainditu zuten, eta lanean jarraitzen dutela ere gaineratu zuen.
EAJk, beste alde batetik, subrogazioaren aldeko jarrera erakutsi zuen orduan, eta horri eusten dio. «Azpimarratu nahi dugu hasiera-hasieratik 17 langileekiko EH Bilduk erakutsi duen jarreraz bestekoa erakutsi izan dugula. Guk subrogatzeko beharra eta 17 pertsona horien enplegua bermatzeko beharra aldeztu dugun bitartean, EH Bilduk, bere burugogorkeriak bultzatuta, ondo zegoena nahaspilatzeari ekin dio», azaldu du prentsa oharrean.
Epaia argitzeko eskaria
Arriolaren esanetan, ordea, administrazioan subrogaziorik ezin daitekela egin azaldu zieten teknikoek, eta plaza horiek betetzeko lanpostu publikorako deialdia egin behar zutela. Gainera, orain arte eman diren sententziak ez subrogatzearen aldekoak izan direla esan zuen; «hau da, EPEa deitu behar zela lanpostu horiek betetzeko». Hori dela eta, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziari helegitea jartzearen alde agertu da EH Bildu.
Koalizioak dioenez, gainera, errekurritzearen aldekoak dira Partzuergoko teknikariak ere, eta aukera badago oraindik. «Aquarbek epaia argitzeko eskatu du, eta, guk dakigunetik, oraindik epaitegiak ez du azalpenik eman. Alegia, Auzitegi Nagusiak ez du azaldu zer esan nahi duen epaiagaz; zeren kargu hartu behar duen Partzuergoak eta zeren kargu Aquarbek», azaldu zuen Arriolak, eta sententzia argitzen duen momentuan helegitea jartzeko aukera legokeela.
Hori dela eta, EH Bilduk BUPeko presidente Iñaki Gorroñori eskatu dio epe labur batean Kontseilu Orokorra deitu dezala, «egoera zuzentzeko modukoa delako».