Jaurlaritzak bertan behera utzi du Suhiltzaileen Legea
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du Larrialdi Zerbitzu eta Suteak Itzaltzeko eta Salbamendurako Legea.Izan ere, Suhiltzaileen Legea bezala ezagutzen denak ez ditu elkartu onartzeko behar zituen botoak. Oposizioko talde guztiak lege horren aurka ag...
Izan ere, Suhiltzaileen Legea bezala ezagutzen denak ez ditu elkartu onartzeko behar zituen botoak. Oposizioko talde guztiak lege horren aurka agertu dira, eta osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, bakoitzak bere aldetik.
Atzo Jaurlaritzaren Gobernu bileraren ostean jakinarazi zuen Josu Erkoreka bozeramaileak legeak aurrera egitea ezinezkoa dela, eta, hortaz, erretiratzea erabaki dutela.
Legeak «hutsune larriak» dituela eta suhiltzaileen gehiengoak ere horren aurka egin duela argudiatuta, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk legea atzera botatzeko eskatu zioten apirilaren 19an Eusko Jaurlaritzari, eta zuzenketak aurkeztu zituzten.
Erabateko desadostasuna erakutsiz, suhitzaileek hainbat mobilizazio egin dituzte azken hilabeteetan, legea atzera bota zezaten eskatuz. Esate baterako, Markina-Xemeinen bildu ziren, apirilaren 13an. Bizikleta martxa baten bitartez erakutsi zuten beraien desadostasuna egun hartan. «Lege proiektuak pribatizazioari ateak irekitzen dizkio, eta ez du 24 orduko zerbitzua bermatzen», salatu izan dute sindikatuek. Figura berriak agertzeak ere —aldizkako suhiltzaileak edo suhiltzaile boluntarioak— zerbitzuaren «prekaritatea» ekarriko lukeela adierazi dute.