Bermeoko Udaleko Euskara Sailak proposatuta, euskararen inguruan
motibazioa eta sentsibilizazioa lantzeko saioak egitea onartu du Salica enpresako zuzendaritzak.
Langileen artean euskaraz berba egiteko ohitura zabaldu gura izan dute, bai eta
euskara laneko hizkuntza izatea ere, «ahal den neurrian».
Udaleko, Salicako eta Elhuyarreko ordezkariak, gaur goizean emandako prentsaurrekoan
Bi taldetan banatuta ibili dira lanean: Komiteko taldean 4 langilek parte hartu dute, eta bulegokoan 9 langilek. Elhuyar Aholkularitzako teknikariek gidatu dituzte saioak.
Hain zuzen ere,
hiru saio egin dituzte. Lehenengoan, jarrera kontziente eta positiboak landu zituzten; besteak beste, lankideek hizkuntzarekin izandako bizipen eta esperientziak ezagutu zituzten. Bigarren saioan, parte hartzaile gehienek adierazi zuten gehiago ari zirela euskara erabiltzen, bai lanean zein kanpoan. Hala, euskara laneko hizkuntza izateko pausoak ematen hasi ziren, «euskaraz egin zitezkeen lanak identifikatuta eta horretarako baliabideak jarrita». Azken saioan, berriz, ordura arteko lanaren balorazioa egin zuten, eta euskararen inguruko datu batzuk ezagutu zituzten.
Aintzi Laburu Salicako Marketing zuzendariak esan du,
aurrepauso handiak eman direla enpresan: «Mezu elektroniko batzuk euskaraz bidaltzen hasi gara, batzar batzuk euskaraz egiten hasi gara eta bulegoko kartelak euskaraz jartzen hasi gara. Kontuan hartuta horiek guztiak orain arte gazteleraz egiten izan direla, asko aurreratu da». Langileek, gainera,
hutsik egin barik eta
gogotsu parte hartu dutela adierazi dute.
Ondoren, Berbasarean parte hartzeko proposamena egin, eta onartu egin zuten. Hizkuntza ohituretan eragiteko interbentzioa da Berbasarea. Gainerako lankideei beti euskaraz berba egiteaz arduratu diren bi saregile aukeratu zituzten. «Pertsona horien eragina talde guztira zabaltzen da, eta neurri handi batean, esku-hartzearen amaieran, euskaraz berba egiteko ohitura finkatzen da», esan du Elhuyarreko teknikariAmaia Astobizak.
Komiteko langileen kasuan, hasieran %8ak egiten zuen dena euskaraz, amaieran, berriz, %92ak. Bulegoko langileek, aldiz, hasieran %21ek eta amaieran %72ak. Kontuan edukitzea dela diote, hizkuntz hautua zenbaitetan, kanpoko faktoreen menpe dagoela.
Lortutako emaitzekin «oso pozik» agertu dira alde guztiak. Salicaren
jokabidea «eredugarria» dela esan du Maite Alvarez euskara teknikariak, eta
jauzi «kualitatibo» bat eman dela nabarmendu du.