Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP)
EAJren ordezkariek EAEko Auzitegi Nagusiak Partzuergoaren kontra emandako
epaia ez errekurritzea erabaki du. Partzuergoak azpikontratatutako Aquarbeko enpresako 17 langilek sufritu zuten kaleratze kolektiboa “zuzenbidekoa ez dela” dio Auzitegian emandako sententziak. Gainera,
EH Bilduren zuzendaritzaren aurkako neurri legalak hartzea eta kalte ordainak eskatzea aztertzen ari dira jeltzaleak.
Sententzia horren harira,
prentsaurrekoa eman du gaur Busturialdeko
EH Bilduk. Eako alkate –eta Partzuergoko presidente ohia– Iratxe Arriolak azaldu duenez, EAJk “
teknikoki eta profesionalki defendatu ezin daitekeen erabaki bat” hartu du, “ondorioei erreparatu gabe”. EAJk Busturialdeko Ur
Partzuergoaren kontrako erabaki bati men egin diola esan du Arriolak.
Gaur egun EAJk du gehiengoa BUPeko exekutiban, eta ELA sindikatuak Aquarbe enpresaren zein BUPen kontra jarritako salaketaren harira EAEko Auzitegi Nagusiak eman duen epaia ez errekurritzeak
ondorioak ekarriko dituela uste du Busturialdeko EH Bilduk. Jurisprudentziaren aldetik, erabakia irmoa izango delako; eta arlo ekonomikoari dagokionez, herritarren dirua “xahutzea” ekar dezakeelako. Hori dela eta, BUPeko presidentea den Iñaki Gorroñori eskatu diote
Kontseilu Orokorra dei dezala.
2013an erabaki zuen BUPek
lanpostuak publiko bihurtzea, exekutiban EH Bildu zegoela, eta erabaki zein prozesuaren kontra salaketak aurkeztu zituzten ELAk eta Aquarbe enpresak.
Orain arte emandako sententziak, baina,
Partzuergaoren aldekoak izan dira, lanpostuak publiko bihurtzeko
prozesua zuzen egin dela esanez. “Lanpostu horiek ezin zitezkeela subrogatu esan ziguten bai Partzuergoko teknikari zein abokatuek; eta horien aholkuak jarraituta lan egin izan dugu beti”, azaldu du Arriolak. Gainera, gogoratu du
Aquarbek berak kaleratu zituela
zazpi langileak, “ez Partzuergoak”. Busturialdeko Ur Partzuergoan lan egiten zuten langileetatik
hamarrek lanpostu publikorako azterketa gainditu zuten, eta lanean jarraitzen dute.
EAJk, bestalde,
subrogazioaren aldeko jarrera erakutsi zuen orduan, eta iritzi horri eusten dio. “Azpimarratu nahi dugu hasiera-hasieratik 17 langileekiko EH Bilduk erakutssi duen jarreraz bestekoa erakutsi izan dugula. Guk subrogatzeko beharra eta 17 pertsona horien enplegua bermatzeko beharra aldeztu dugun bitartean, EH Bildu, bere burugogorkeriak bultzatuta, ondo zegoena nahaspilatzeari ekin dio”, azaldu du prentsa oharrean.
Arriolak, baina,
azaldu du Busturialdeko Ur Partzuergoko teknikari eta abokatuen irizpideei jarraituta jardun zutela. “Teknikoek esan ziguten
administrazioan ezin dela subrogaziorik egin, eta plaza horiek betetzeko deialdi publikoa egin behar genuela”. Gainera, esan du, orain arte eman diren sententziak ez subrogatzearen aldekoak izan direla; “hau da, EPEa deitu behar zela lanpostu horiek betetzeko”. Hori dela eta, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziari helegitea jartzearen alde agertu da EH Bildu.
Koalizioak dioenez, gainera,
errekurritzearen aldekoak dira
Partzuergoko teknikariak ere, eta aukera badago oraindik. “Aquarbek epaia argitzeko eskatu du, eta, guk dakigunetik, oraindik magistraturak ez du azalpenik eman. Alegia, Auzitegi Nagusiak ez du esan zer esan nahi duen epaiarekin; zeren kargu hartu behar duen Partzuergoak eta zeren kargu Aquarbek”, azaldu du Arriolak, eta sententzia argitzen duen momentuaan helegitea jartzeko aukera legokeela.