Gernika Jai Alai eskolak zortzigarren urtez egingo du kiniela amerikarraren txapelketa.
Ekainaren 10a bitartean, sei saio egingo dituzte. 18:00etan umeek jokatuko dute, 19:00etan gazteek, eta azkenik, 20:00etatik aurrera lehiatuko dira nagusiak. Sarrerak doakoak dira.
“Azken urteetan legez, aurten ere bi kategoria egongo dira. Bigarren maila sendotu da, gazteak oso ondo dabiltza, eta hortaz, bi mailetan lehia polita espero dugu”, azaldu du Edorta Basterretxea Gernika Jai Alai eskolako kideak.
Aurtengo berezitasuna zesta punta eskolako umeek ere parte hartuko dutela izango da: “Jokatzeko aukera emango diegu, baina, ez dute txapelketa lehiatuko. Ahal dutenek jokatuko dute, eta datorren urterako prestaketa bezala balioko die”.
Umeak kontuan hartu barik, 26 puntistek jokatuko dute kiniela amerikarra. Parte hartzaile gehienak, Gernika-Lumoko zesta punta eskolako kideak dira, Roke, Urrutxua eta Bidaburu esaterako. Halaber, nagusietan, Ubilla berriatuarra eta Elkoro markina-xemeindarra ere ariko dira lehian.
Gazte mailan, aurten sei bikote egongo dira -iaz bost bikote izan ziren-. Gernika Jai Alai eskolako bost bikotek, eta Markina-Xemeingo eskolako bikote batek parte hartuko dute. “Markinako eskolatik lau zestalari etorriko dira, baina, txandaka jokatuko dute, bikote bakarrarentzat lekua dago, eta haiek horrela antolatzea erabaki dute”.
Otzaren zozketa
Ikusleek diru apusturik ez dute egingo, baina, zein bikotek irabaziko duen jokatu ahalko dute. Gero, saio bakoitzaren amaieran, asmatzen dutenen artean Eusko Label produktuez osatutako otzara zozkatuko dute.
Eguerdian aurkeztu dute txapelketa.
Bestalde, Gernika-Lumoko zesta punta eskolako kideek aurreratu dutenez, ekainaren 17rako, txapelketari amaiera berezia emateko, zerbait berezia prestatzen ari dira: “Oraindik dena lotzen ari gara, baina, zeozer berezia egin gura dugu”.
‘Aitzindaria’
Txapelketa berezia izaten da, eta aurreko urteetan, aurten Ameriketako Estatu Batuetara joandako zestalari profesional askok parte hartu dute kiniela amerikarraren lehia honetan.
Orain dela zortzi urte zuzendaritza taldea batu, eta zozer desberdina egitea pentsatu genuen, ordura arte Euskal Herrian egin gabeko kiniela amerikarra Gernikara ekartzea erabaki genuen. Aitzindariak izan ginen; berritasun itzela izan zen, eta gure eskolaren bereizgarrietako bat da”, zehaztu du Gonzalo Beaskoetxea Gernika Jai Alai eskolako kideak.
Beaskoetxearen berbetan, urtez urte “arrakasta” lortzen duen txapelketa da, eta puntista handienek parte hartu dute beti. “Afizionatuetako onenak pasatu dira txapelketa honetatik”.