Aurten Natxituko Haizeder eskolak du jaialdia antolatzeko ardura, eta azken prestaketetan buru belarri dabiltza bertako irakasle, ikasle eta gurasoak. Halaber, udalaren eta herritar askoren laguntza ere badutela azaldu dute irasleek.
“Haur hezkuntzako 28 ikasle ditugu, eskola moduan gure bigarren ikasturtea da. Aurten guri, Busturialdeko eskola txikienari dagokigu jaia antolatzea eta oso pozik ari gara beharrean. Gainera, boluntarioak ere baditugu; familien eta udalaren laguntzaz gain, herritarren laguntza ere badugu”, azaldu dute Haizeder eskolako irakasleek.
Haizeder eskolako ikasleekin batera, Busturiko Uzelai eskolako, Gautegiz-Arteagako Montorre eskolako, Mundakako eskolako eta Muxikako Urretxindorra eskolako neska-mutilek egun pasa ederra egingo dute Ean.
Iaz, Mundakan ospatu zuten jaia.
2 urtetik 12 urtera arteko 420 ikasletik gora eta 60 irakasle inguru bilduko dira. Hain zuzen ere, goizeko 10etan elkartu, eta 15:00ak aldera amaituko dute jaialdia.
“Herriko alkatea eskola txikiko ikaslea izandakoa da, eta bera etorriko da agurra egitera”, zehaztu dute. Gero, talde argazkia atera, eta kalejira egingo dute udalerriko bi kale nagusietatik. Kaljiran musika eta Ibarrangeluko dultzaineroak izango dituzte bidelagun.
Ondoren, eguneko ekitaldi nagusirako entseguak egingo dituzte, eta hamaiketakoa jateko tartetxo bat hartuko dute.
12:00ak inguruan hasiko dute emanaldia. Eskola umeak, denak batera kantuan eta dantzan ariko dira, adin tarteetan banatuta. “Zikloka banatuta eskainiko dute ikuskizuna, eta denak batera, hori da garrantzitsuena”.
Dantza eta kanta saioaren ostean, bazkaldu aurretik jolasten ibiliko dira. Bost gunetan banatuta egingo dituzte jolasak. “Bi eta bost urte bitartekoak esaterako, hondartzan batuko dira, beste ziklo batzuetakoak frontoian, eta beste batzuk aparkalekuan”. Azaldu dutenez, jaiak iraun bitartean, itxita egongo da aparkalekua.
13:45ak aldera bazkalduko dute zikloka banatuta, eta gero, 14:30ean berriro elkartu, eta elkar agurtuko dute. “Abanera bat prestatu dugu eta guraso batzuen laguntzagaz abestuko dugu”.
Egitaraua:
- 10:00. Agurra eta argazkia
- 10:45. Kalejira
- 11:15. Musika saiorako probak
- 11:45. Hamaiketakoa
- 12:00. Emanaldia
- 13:00. Jolasak
- 13:45. Bazkaria
- 15:00. Agurra