Foruko Udalak hirigintzari buruzko tailerrak antolatu ditu
Hilabete honetan egingo dituzte tailerrak, eta partaidetza bultzatzeko tailerrak izango direla azaldu dute Foruko Udaletik.
Tailer horien bitartez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) idazketan aurrera egin gura dute, herritarrekin bat eginda. Hala, planaren idazketa osatzen duen fase bakoitzak, hirigintzari buruzko tailer bat edudiko duela azaldu dute udaletik. Foruko alkate Jane Eyre Urkietak azaldutakoaren arabera, “tailerretan herriko talde sozial ezberdinek herriko leku publikoak nola ulertzen eta erabiltzen dituzten adieraziko dute. Modu horretan, foruar guztiak inplikatzen dituen plan bat idazteko laguntza izango dugu”.
Diagnostikoaren lehen fase honetarako, Foruko Udalak bi tailer antolatu ditu. Bi horiek maiatzean izango dira. Lehenengoa, ume eta gazteentzako marrazki tailerra izango dela azaldu dute. Artearen bitartez, herriko umeek, herria gaur egun nola ikusten duten eta etorkizunean nolakoa izatea gurako luketeen adierazi ahalko dute. Maiatzaren 11n -eguaztenean-, 17:30ean, jarri dute hitzordua, kultur etxean.
Bigarren tailerra, hilaren 19rako antolatu dute; 20:30ean batuko dira, kultur etxean. Hitzordu hori, berriz, foruar guztiei zuzendutakoa izango dela adierazi dute. Gai ezberdinak landuta, herriko gaur egungo egoera aztertuko dute: ingurumena, leku publikoak, mugikortasuna, etxebizitzak eta herriko hornikantza, besteak beste.
Planaren idazketa eta tailerrak noiz antolatuko diren hurbiletik jarraitu gura duten horiek, Foruko Udalaren webgunean (www.forua.net) aurkitu ahalko dute informazioa. Planteamenduaren egoera eta lanen betearazpen fasearen egutegi eguneratua ere webgunean jarriko dute ikusgai.