LAB sindikatuak oso balorazio positiboa egin du Bizkaiko mobilizazioen inguruan, 2.500 pertsonatik gora batu baitziren atzoko mobilizazioan.
Langileok martxan, eskuBIDEAK aktiBATUZ! lemapean egin zuten Portugaletetik Sestaora bitarteko martxa, eta hango udaletxetik abiatu ziren manifestazioan.
Horrela, prekarietatearen kontra langileak martxan direla erakutsi, eta elite ekonomiko eta politikoek, beren “aberastasuna bermatzeko”, gehiengo soziala “miseriara kondenatzen” dutela salatu zuten.
Argazkia: LAB.
“Guretzat oso garrantzitsua izan zen ACB enpresatik pasatzea, bertako langileek ere eskertu ziguten erakutsitako babesa”, adierazi du Aitziber Barandika Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LAB-eko ordezkariak.
Izan ere, LAB-eko kideek “prekarietatea salatuz”, eta horri aurre egiteko “alternatibak eskainiz” ospatu gura izan zuten atzoko eguna, eta prekarietateari irtenbidea bilatzeko bost puntu proposatzen dituzte: “1.200 euroko gutxieneko soldata beharrezkoa da, lanaren banaketa ere ezinbestekoa da eta horregatik 35 orduko lan astea eta ordu extrarik gabekoa proposatzen dugu, lan osasuna ziurtatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen dugu, aukera berdintasuna bermatzeko neurri zehatzak hartzea ere behar-beharrezkoa da, eta baita euskararen presentzia ziurtatzea ere”.
Neurri horiek prekarietateari aurre egiteko baliagarriak direla uste dute. Halaber, LAB sindikatutik argi dute agintarien partetik “borondate politikoa” behar dela: “Erakunde publikoei eta patronalari eskatzen diegu prekarietateari aurre egiteko neurriak hartzeko, egoerari buelta emateko borondate politikoa falta da”.
Gaur egun langileriak eta oro har herritarrek pairatzen duten krisi sozial “larriari” aurre egitea da LABen “lehetasuna” eta haren “borrokaren ardatza”: “Egoera irauli nahi dugu. Lan baldintzak eta eskubideen prekarizazioan oinarritzen den lan mundua, herritarrak babesik gabe uzten dituen eredu soziala eta herriari erabakitzeko eskubidea ukatzen dioen eredu politikoa errotik aldatu behar ditugu”.
Aurpegi “zehatzak”
ELA sindikatuak Bilbon eta Iruñan egin zituen atzo ekitaldiak. Hain zuzen ere, hamazazpi urteren ostean ospatu zuten berriro ere maiatzaren lehena Nafarroako hiriburuan, eta ekitaldiei dagokienez, hori izan da sindikatu abertzaile honen aurtengo berrikuntza nagusia. “Aurreko urteetan, nafarrak Bilbora etortzen ziren, baina, aurten Iruñan ere egon nahi izan dugu, gero eta presentzia handiagoa baitugu bertan”, azaldu du Gotzon Basaraz Lea-Artibai eta Durangaldeko ELA-ko ordezkariak.
Eskualdean, eta oro har, gainontzeko eskualdeetan, aurten ere, maiatzaren lehenak “aurpegi konkretuak” dituela adierazi du ELA-ko kideak: Emakumeek lan munduan jasaten duten “diskrimazioa”, soldata urriagoak, gazteei etorkizuna hemen ukatzea, negoziazio kolektiboak jasandako erasoak…
“Azken lan erreforma egin zutenetik argi eta garbi ikusten dira aipatu arazoak, negoziazio kolektiboak eraso izugarria jasan du azken urteotan. Halaber, gazteen langabeziak portzentaia oso altua du, eta asko eta asko atzerrira doaz hemen ez dutelako etorkizunik ikusten. Bestalde, emakumeek lan munduan jasaten duten diskriminazioari ere aurre egin behar zaio”.
Argazkia: ELA.
Basarazen berbetan, maitzaren lehena langileen eskubideak aldarrikatzeko eta prekarietatea salateko ez ezik, antolakuntza kolektiboaren inguruan “kontzientziatzeko” eguna ere bada: “Enpresaz enpresa, eta herriz herri antolatu barik gaitza da jasaten ditugun eraso eta injustizien kontra borrokatzea”. Horregatik, egunerokotasunean, elkarrekin borrokatzearen beharra nabarmendu du, batasun horrekin indar erakustaldia egiteko: “Elkar batuta, langileriaren indarra eszenifikatu behar dugu; zenbat eta jende gehiago batu indar handiagoa erakusten dugu”.
ELA sindikatuaren milaka afiliatu mobilizatu ziren atzo
Gehiago balio dugu. Erreforma eta estatu hitzarmenekin prekarietate eta pobrezia gehiago lemapean.
Izan ere, sindikatu abertzaletik behin eta berriro salatu dutenez, Espainiar estatuan CC.OO eta UGT sindikatuak hitzarmen asko eta asko estatalizatzen ari dira, hemengo langileriaren kaltean. “Hemen hitzarmen asko galdu edo sinatu ez diren bitartean, haiek estatu hitzarmenak sinatu dituzte, eta gure lan baldintzek okerrera egin dute”.
Basarazek azpimarratu duenez, Zapateroren lan errefomaz geroztik, langabeziak ez ezik, prekarietateak ere nabarmen gora egin du, eta gaur egun lana dutenek ere zailtasunak dituzte hileroko gastuei aurre egiteko, eta askorentzat duten soldata ez da nahikoa hilabete amaierara ailegatzeko.